Gizartea
Koronabirusa
17 segundoan behin pertsona bat hiltzen da Europan covid-19ak jota, MOEren arabera
EITB.EUS
Azaroan bakarrik, lau milioi pertsona kutsatu dira. NBEk "herritarrei agintariekin batera elkarlanean aritzeko" eskatu die birusari aurre egiteko.
-
Hainbat pertsona, Milango (Italia) kale batean. Argazkia: EFE
"Gaur-gaurkoz egunean 4.500 pertsona hiltzen dira Europan covid-19aren eraginez, hots, pertsona bat 17 segundoan behin", ohartarazi du gaur Hans Kluge Munduko Osasun Erakundeak Europan duen zuzendariak.
Klugek prentsaurrekoan azaldu duenez, azken bi asteotan % 18 hazi da gaitz horrek eragindako heriotza-kopurua. Joan den astean, adibidez, 29.000 pertsona hil ziren kontinentean.
Adituaren arabera, gero eta zantzu gehiago dago esateko osasun sistemak gainezka daudela. Frantzian, ZIU gelak edukieraren % 95ean egon dira 10 egunez, eta Suitzan, beteta dituzte gela guztiak. Eskola, adinekoen zentro edota bilkuretan atzeman dituzte agerraldiak.
"Osasun neurriak bete, informazio faltsua hedatzea saihestu edota negazionistei aurre egiten diegun bakoitzean heriotzak saihesten ari gara... Denok batera ekiten badugu eta pribilegiatuenek aparteko ahalegina egiten badute, eragitea lortuko dugu", azpimarratu du Klugek.
Horren hitzetan, Europan 15,7 milioi kasu baino gehiago atzeman eta 355 000 pertsona hil dira koronabirusagatik. Azaroan bakarrik, lau milioi pertsona kutsatu dira. Hori horrela, mundu kasu guztien % 28 eta heriotza guztien % 26 kontinente horretan atzeman dituzte.
Bada albiste onik, erantsi du adituak, covid-19 kasuen kopuruak behera egin baitzuen joan den astean: bi milioi izatetik 1,8 milioi izatera igaro ziren.
"Seinale txiki bat da, baina seinalea, azken batean. Indarra eta ahalmena duzuen horiei erronka honi eusteko eskatu nahi dizuet. Zuen herriak, komunitateak, familiak, lagunek behar zaituzte", nabarmendu du.
Maskararen erabilera
Klugen esanetan, osasun langileak eta arreta soziosanitarioan dabiltzanak "presiopean" ari dira lanean, "sakrifizio handiak egiten" eta biztanleria "erantzukizunez" aritu behar da horiei laguntzeko. Hain justu, sektore horri laguntzeko modurik onenetakoa musukoa erabiltzea dela adierazi du Klugek. "Herritarren % 95ek erabiliko balute, ez litzateke konfinamendua ezarri behar, baina, zoritxarrez, % 60 edo gutxiagoan dago erabilera", nabarmendu du.
Txertoak hizpide hartuta, MOEren Europako zuzendariak argitu du ez dutela birusa geldiaraziko, baina "itxaropen handia" dutela.
Adituak berretsi du eskolak irekita mantentzeko konpromiso argia duela bere erakundeak. "Ume guztiek dute modu seguruan ikasteko eskubidea", erantsi du. Klugeren arabera, "umeak ez dira kutsatzeen bektore nagusiak, eta, beraz, eskolak ixtea ez da covid-19a kontrolatzeko neurri eraginkorra. Hori egiteko tentazioa duten herrialdeei esango nieke ondo pentsatzeko zer-nolako ondorioak dituen hezkuntza alorrean zein buruko osasunean eta gizarte ongizatean".
Gabonak ahotan, MOEren adituaren ustez, familia bilera handiak atzeratu egin behar dira. "Hotza gorabehera, senitartekoekin aire zabalean biltzea ideia ona dela uste dut, betiere murrizketek posible egiten badute", esan du.