Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Kasuek gora egin dute EAEn eta Nafarroan, eta positibotasuna ere altuagoa izan da

EITB.EUS

Asteazken honetan 632 kutsatze zenbatu ditu Euskadik, egindako proben % 6,5. Nafarroan 116 kasu izan dira, bezperan baino 46 gehiago, eta positibotasuna % 7ra igo da.

  • Donostiako Ospitalea

    Osasun langile bat Donostiako Ospitalean. Argazkia: EFE

Covid-19aren pandemiak 632 kutsatze berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, beraz, positibotasun tasa % 6,5era igo da (aurreko egunean baino bi hamarren gehiago), baina ospitaleko presioak hobera egin du, bai UCIn bai solairuan ospitaleratutako gaixoen kopuruak behera egin baitu.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, asteazken honetako datuen arabera, 9.656 proba diagnostiko egin ziren, aurreko egunean baino 718 gehiago, eta 632 pertsonak eman zuten positibo, bezperan baino 68 gehiagok.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa metatuak beherantz jarraitzen du, eta atzo 401,3 kasutan kokatu zen, aurreko 421,2en aldean. Gainera, Gipuzkoa da eremu gorrian jarraitzen duen lurralde bakarra, 500 kasu baino gehiago dituelako, eta oso gertu dago bertatik ateratzeko; izan ere, atzo 505,1eko tasa izan zuen (aurreko egunean 538,2 izan zen).

Adierazle horren beherakada beste bi lurraldeetan ere gertatu da: 355,2 Araban (368 bezperan) eta 340,8 Bizkaian (352,7 aurreko egunean).

Hala ere, seigarren egunez, oinarrizko ugalketa kopuruak gora egin du berriro, R0k gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du, eta 0,89an dago, aurreko buletin epidemiologikoan baino bi hamarren gehiago.

Asistentzia-presioa arintzen ari da; izan ere, 464 paziente daude ospitaleratuta EAEko ospitaleetan, aurreko egunean baino 27 gutxiago. Horietatik, 337 (25 gutxiago) gela arruntetan daude eta 127 (2 gutxiago) zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, astearteko 41etik atzoko 32ra jaitsi da eguneko ospitaleratuen kopurua.

Atzo atzemandako 632 kutsaduretatik 296 Bizkaian diagnostikatu ziren (asteartean baino 39 gehiago), 241 Gipuzkoan (46 gehiago) eta 94 Araban (7 gutxiago). Gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo duen pertsona batek positibo eman zuen EAEn egindako probetan, bezperan baino 10 gutxiago.



Araban ez dago udalerririk eremu gorrian; Bizkaian, berriz, hiru daude, Ermua eta Ondarroa, aurreko buletinean agertzen zirenak, eta Arrigorriaga, non azken orduetan intzidentzia-tasak gora egin duen.

Gipuzkoa da oraindik 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora dauden herri gehien dituen euskal lurraldea, baina astearteko 14 udalerrietatik 10etara jaitsi da, Andoain, Irun, Orio eta Pasaia alerta gorritik atera baitira.

Nabarmentzekoa da Arrasaten metatutako intzidentzia, tasa 1.000 kasutik gorakoa baita eta 1.518an baitago.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Ikastetxeei dagokienez, ez dago jarduera presentzial guztia etenda duenik. Euskal Autonomia Erkidego osoan 127 ikasgela daude itxita, asteazkenean baino 14 gehiago, 64 ikastetxetatik lau gehiago.

Hildako bat Gipuzkoako erresidentzietan

Pertsona bat hil da eta 11 kutsatu dira covid-19arekin Gipuzkoako Aldundiaren esku dauden zaharren egoitzetan, eta guztira 90 dira pandemiaren bigarren agerraldia hasi zenetik gaitzarekin hil direnak.

Hildakoa Donostiako Julian Rezola erresidentzian zegoen, beste 56 covid-19 kasu dituen zentroan.

Positibo berriak Gipuzkoako hiriburuko Hermano Garate-San Ignacio (2) eta Juan Rezola (9) erresidentzietan atzeman dituzte.

Gainera, 10 egoiliarrek gaixotasuna gainditu dute, eta 161 kutsatuetako 89 erreferentziazko zentroetan daude, Eibarko Ospitalean eta Ordiziako San Jose erresidentzian.

Abuztuaren 11n bigarren olatua hasi zenetik 90 egoiliar hil dira, eta 333k gainditu dute gaixotasuna.

Nafarroako egoera

Nafarroak 116 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 1.590 proba egin ostean (821 PCR eta 769 antigeno test), % 7ko positiboarekin.

Bezperan baino 51 kasu gehiago dira zenbatutakoak (asteartean 65 izan ziren). Hori horrela, epidemiaren izaera gorabeheratsua agerian geratu da berriro. Izan ere, aurreko lau egunetan 100 kasutik behera egon da zifra hori.

Asteazkenean 1.590 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietatik % 7 izan dira positibotak. Horrenbestez, portzentajea hiru puntu baino gehiago igo da: % 3,7tik % 7ra.

Atzo gaixotasun horrekin lotutako lau ospitaleratze berri izan ziren Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo beste bi hildako izan ziren, covid-19arekin lotuta, eta aurreko egunetan beste bi heriotza izan zirela jakinarazi dute. 67 eta 90 urte bitartekoak dira. Guztira, 890 hildako izan dira.

Iruñerrian eta Eskualdean, positiboen % 67; Lizarran, kasuen % 15; eta Tuteran, kasuen % 7 atzeman dituzte. Gainerako positiboak (% 11) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Lizarra da denen buru, 11 kutsatzerekin. Ondoren datoz Iruñeko Iturrama auzoa (zazpi) eta Atarrabia eta Aranguren (seina kasurekin). Burlatan lau kasu atzeman dituzte.

Adin-tarteen araberako kasu berrien banaketari dagokionez, talde nagusiak 15-29 urtekoak (% 32) eta 45-59 urtekoak (% 29) dira. 30-44 urte bitartekoek positiboen % 15 biltzen dute, % 12, 0-14 urte bitartekoek, eta % 7, 60-75 urte bitartekoek. 75 urtetik gorakoak % 5 dira.

Kasu berrien batez besteko adina 37,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 53 emakumeak dira eta beste % 47 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (SNS-O) jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 153 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 18 gutxiago), eta horietako 30 zainketa intentsiboetako unitaeeta daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 12 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 111 paziente, ospitaleetako gela arruntetandaude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 40.018 kasu izan dira Nafarroan.

Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak 10.127 covid-19 kasu gehiagoren berri eman du, eta horietako 4.765 dira azken 24 orduetan zenbatuak. Guztira 1.675.902 dira Estatuan kutsatu direnak pandemia iritsi zenetik.

Azken 14 egunetako inzidentzia 240,89 kasukoa da 100.000 biztanleko. Heriotzei dagokienez, 254 berri zenbatu dituzte, eta orotara 46.038 dira gaitzarekin hil direnak Espainiako Estatuan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.