Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxistaren biktimei prozesu judiziala errazteko gida osatu dute Gipuzkoan

agentziak | erredakzioa

Teknizismoak baztertzen dituen testu bat da, hainbat hizkuntzara itzulia, eta biktimari salaketa jarri osteko prozesu guztia argi azaltzea du helburu.

  • Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: Efe

    Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: Efe

Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktimek gida bat izango dute salaketa jarri ondorengo prozesu judizial guztia errazteko eta ibilbide guztia ulertzen laguntzeko. Teknizismoak baztertzen dituen testu bat da, hainbat hizkuntzara itzulia.

Horixe da lurraldeko Auzitegian indarkeria matxistari buruzko batzordeak egin duen lehenengo lana, Justizia Administrazioaren aurrean biktimak ez zirela ulertuak sentitzen jakin ostean.

Asteazken honetan aurkeztu dute testu labur hori Gipuzkoako Auzitegian, biktimek zigor prozesu batean dituzten eskubide garrantzitsuenak jasotzen dituen beste eskuorri batekin batera. Azken horretan aipatzen da, besteak beste, emakumearen eskubide berak dituztela seme-alabek, eta biktimek konfiantzazko pertsona bat izan dezaketela aldamenean prozesu osoan, ez abokatuak bakarrik.

Salaketa jartzen dutenetik doan abokatua edukitzeko aukera, eta komisaldegian edo epaitegian salatutakoarekin inolako kontakturik ez egoteko eskubidea ere jasotzen du eskuorriak.

Hainbat hizkuntza

12 orriko gida euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, eta beste hainbat hizkuntzatan argitaratu dute, orain arte izan diren salatzaileen hizkuntzan oinarrituta, tartean arabiarra eta errumaniarra.

Orri bakoitzean prozeduraren fase bat azaltzen da, epaiketa bera barne, eta ohiko areto bat nola osatzen den eta alde bakoitza non esertzen den agertzen da.

Gida EAEko gainerako batzordeek ere hartu dezakete, Bizkaiko eta Arabako Probintzia Auzitegiek, alegia.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.