Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Pfizer enpresak txertoa erabiltzeko baimena eskatu dio Europar Batasunari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Botiken Europako Agentzia hasi da Pfizerrek eta atzo Modernak egindako eskaerak aztertzen.

  • Pfizer farmazia enpresaren logoa

    Pfizer farmazia enpresaren logoa. Artxiboko argazkia: EFE

AEBko Pfizer laborategiak eta Alemaniako BioNtech botika ekoizleak baimena eskatu diote Europar Batasunari (EB), elkarlanean garatu duten koronabirusaren aurkako txertoa Europan erabili ahala izateko.

Urtea amaitu aurretik txertoa Europan erabiltzen hasteko itxaropena agertu dute bi enpresek agiri bateratu batean.

"Botiken Europako Agentziak ondorioztatzen badu koronabirusaren aurkako txertoaren abantailak balizko arriskuak baino handiagoak direla, erakundeak merkatura ateratzea gomendatuko du, baldintzapean", aurreikusi dute.

Duela astebete Pfizerrek eta BioNtechek txertoa merkaturatzeko premiazko baimena eskatu zuten AEBko osasun agintarien aurrean. Aipaturiko erakundeak abenduaren 10ean egingo du bilera, eskaerari buruzko erabakia hartzeko.

Pfizerrek eta BioNtechek elkarlanean egindako txertoa hirugarren fasean dago. Egileen arabera, txertoak % 95eko eraginkortasuna du eta bi dosi eman behar dira horretarako.

Txertoaren banaketan zailtasunak aurreikusten dira, izan ere, zero azpiko 70 ºC-ko tenperaturan gorde behar da.

Botiken Europako Agentzia hasi da Pfizerrek Modernak egindako eskaerak aztertzen

Botiken Europako Agentzia astearte honetan hasi da COVID-19aren aurkako txertoak "baldintzapean" erabiltzeko Pfizerrek gaur eta Modernak atzo egindako eskaerak aztertzen.

Agentziako iturriek baieztatu dutenez, asteak beharko dituzte eskaerak gainbegiratzeko eta ez dute erantzunik espero "gutxienez" hil honen amaierara arte, txertoa EBn merkaturatu nahi dutenek aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko denbora behar dela argudiatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.