Gizartea
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Etxeko langileek sektoreak jasaten duen indarkeria matxista salatu dute Bilbon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azaroaren 25aren testuinguruan egindako protestan, "diskurtso ofizial eta hegemonikoek etxea eta zaintzaren esparruan gertatzen diren biolentziak ezkutatu" egiten dituztela salatu dute.
-
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin dute protesta. Argazkia: LAB
Etxeko langileek mobilizazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, indarkeria matxistak eurena bezalako sektore prekarioan dituen adierazpide zehatzak salatzeko. LAB lanean ari da eurekin, Trabajadoras No Domesticadas-eko kideekin batera, sektorerako EAE mailako hitzarmen bat erdiesteko.
Azaroaren 25eko nazioarteko egunaren harira egindako protestan, "diskurtso ofizialek eta hegemonikoek zaintzaren arloan gertatzen diren indarkeriak ezkutatzen" dituztela ohartarazi du LABek.
"Etxeko langileak borrokan" eta "indarkeria egunean 24 orduz lan egitea ere bada" jartzen zuten kartelak jarri dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta zaintza sektorean indarkeria matxista kasuak ez direla "kasu isolatuak" salatu dute "etxeko langileen artean ematen diren ohiko bizipenak baizik".
Ane Escondrillas, LABeko Idazkaritza Feministako @LAB_Feminista kidea: "Historikoki, zorretan gaude etxeko langileekin. Gure atarietan, ondoko ateetan, garraio publikoan, kaleetan, gure etxeetan... badaude, existitzen dira" pic.twitter.com/h1mzt4naRQ
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) November 28, 2020