Gizartea
MIGRAZIOA
"Etxeko lanetan ari diren emakume migratuenganako jazarpena erabatekoa da"
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS
Emakume migratuen eskubideen defentsan buru belarri ari da Silvia Carrizo. Ekintzaile honen hitzetan, gizartean pertsona batek 24 orduz lan egin dezakeela onartzen den unean hasten da zapalkuntza.
-
Emakumee migranteen batzar bat, Malen Etxean. Argazkia: Malen Etxea.
Lan-egun amaigabeak, ezegonkortasuna, soldata prekarioak, bazterkeria ... Zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren emakumeen lan-baldintzen argazki orokorra marrazten duten ezaugarrietako batzuk dira. Zerrenda horri migratu hitza gehituz gero, zaurgarritasuna eta bazterkeria muturreraino iristen dira, eta zer esanik ez, euren egoera legeztatu gabe duten emakumeei buruz ari bagara.
Eskubide urraketa horiek identifikatzea, azaleratzea eta desagerraraztea izan da Silvia Carrizo (Caleta Olivia, Argentina, 1965) ekintzailearen helburua, 2002an Zumaira iritsi zenetik. Emakume migratuentzako gune propio bat sortzeko premia berehala ikusi zuen, eta urtebeteren buruan Malen Etxea egitasmoa jarri zuen abian.
"Gogoeta feministarako elkartea gara, emakume ekintzaileena, indarkeriarik gabeko bizitza duin baten alde lanean ari garen militante feministena". Malen Etxearen aurkezpenean jasota dagoen esaldia da, besteak beste. Nola eta zergatik jaio zen Malen Etxea?
2003an sortu genuen Malen Etxea, eta ni sortzaileetako bat naiz. Emakume migratuentzako topaleku izateko sortu genuen, elkartzeko eta bizipenak partekatzeko gune bat. 'Malen' hitzak emakumea esan nahi du maputxe hizkuntzan, eta beraz, emakumeentzako etxe bat da.
Proiektua martxan jarri genuenean, hemen ez zegoena, oraindik, emakumeentzat sortutako etxerik. Duela 17 urte ez zen emakumeen etxeei buruz eta horien garrantziari buruz hitz egiten hemen. Guk, ordurako, etxe horren beharra sentitu genuen, herri honetan bizirautea nahi bagenuen. Emakume migratuok elkarrekin egoteko espazio bat behar genuen, eta hori da Malen Etxea; sortzaile izan ginenontzat salbazio-ariketa bat. Migrazio prozesuak partekatzen ditugu eta elkarri laguntzen diogu. Zumaian dugu lokala, eta Zestoan, harrera etxe bat. Urtean 18-20 bat lagun pasatzen dira gure harrera etxetik. 100 bat bazkidek osatzen dugu elkartea.
Silvia Carrizo, Malen Etxea elkartearen bulegoan, Zumaian. Argazkia: Maitane Subijana.
Etxeko eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeek era askotako bazterkeriak eta zapalkuntzak pairatzen dituzte. Nolakoa da emakume horien errealitatea Euskal Herrian?
Beste toki askotan bezala, Euskal Herrira iristen diren emakume migratuen % 95 etxeko eta zaintza lanetan aritzen dira, eta horiek hiru kategoriatan banatuko nituzke. Batetik, erresidentzia baimena eta arreta sozio-sanitariorako agiria dutenak daude. Horien ia guztiak lanean ari dira, baldintza oso eskasetan bada ere.
Bestetik, erresidentzia baimena ateratzear bai, baina lanerako eskatzen dieten arreta sozio-sanitariorako agiria ez duten emakumeak daude. Horiek arazoak dituzte lana aurkitzeko, eta aurkitzen dutenean, horien baldintzak ere oso txarrak dira.
Eta, azkenik, hemen bi urte baino gutxiago daramatenak eta erresidentzia baimenik ez dutenak daude; geroz eta gehiago dira egoera horretan daudenak. Kapitalismoaren zapalkuntza bortitzena jasaten ari direnak dira, aurrez inoiz ikusi gabeko lan esplotazioa. Pertsonen salerosketarako sareen bidez, erkidego batetik bestera eramaten dituzte lanera. Emakume horien egoera bereziki gogorra da, eta erabat ikusezinak dira, inork ez du errealitate hori ikusi nahi. Guretzat talde zaurgarriena da, gizartearen batere babesik ez duena.
SOS Arrazakeria elkarteak kaleratu berri duen txosten baten arabera, lan jazarpenaren biktima nagusiak etxeko lanetan aritzen diren emakume migranteak dira.
Bai, hala da. Etxeko eta zaintza lanetan ari diren emakume migranteenganako jazarpena erabatekoa eta etengabea da. Pertsona bat beste baten zerbitzura 24 orduz eta urteko 365 egunetan egon daitekeela onartzen dugun momentutik hasten da gehiegikeria. Gizarte honek konplexu etikorik gabe onartzen eta legitimatzen du hori. Emakumeak egoera horretan egotea onartzen eta baimentzen ari da gizartea. Hortik aurrea, imajinatu zein egoeratan dauden langile horiek.
Oso gutxitan salatzen dira egoera horiek.
Emakume pobreentzat eta migratuentzat ez da existitzen Justizia, eta horregatik ez dira salaketak jartzen. Ia beti, jazarpena intimitatean bizi dute emakume migratuek, eta salaketa jarriz gero, bere hitza botederun pertsona baten hitzaren kontra legoke. Hor ez dago ezer egiterik. Ahaztu! Ezin da Justizia aldarrikatu, oinarrizko baldintzak betetzen ez badira. Noiz esku-hartzen du Justiziak? Hilketak edo bortxaketak daudenean, egoera muturreraino heltzen denean.
Euskal Herriko bertako eta atzerriko emakumeen artean ere ezberdintasun handiak daude, etxeko eta zaintza lanen alorrean.
Aldeak izugarriak dira. Hemengoen baldintzak ere prekarioak dira oso. Baina, migranteen kasuan, askatasuna ere mugatzen zaie, kasu askotan. Hemengoak lana egin ondoren euren etxera joaten dira eta euren bizitza egiteko aukera dute; eskubideak dituzte. Soldatan ez dute alde handirik izango, baina hemengoek asteburuak jai izango dituzte, jaiegunak ere bai, eta 40 orduko lan-astea. Lagunekin, familiarekin eta nahi dutenarekin kalera ateratzeko eskubidea dute. Migranteen kasuan eskubideak ez dira existitzen.
Herri hau emakume migranteekin egiten eta onartzen ari dena etikoki onartezina da, herriaren tradizio kolonialistaren eta klasistaren adibide garbia da.
Bakardadea eta isolamendua erabatekoak dira kasu askotan.
Pertsona bat 24 orduz beste baten zerbitzura baldin badago, aukera gutxi du inorekin harremana izateko. Ezin du bere bizitza pribatuko ezer egin eta gizartetik isolatuta bizi da. Halere, teknologia berriei esker senitartekoekin edota lagunekin hitz egiteko aukera badute, baina hori ez da gizartearekin erlazionatzeko bidea. Isolamendua eta frustrazioa eragiten dituen egoera oso gogorrak dira, inorekin ezin baitute partekatu bizitzen ari direna. Gurea bezalako fundazioak daude horretarako, emakume horiei bakarrik ez daudela esateko.
Aldi berean, eta kontraesankorra dirudien arren, inklusiorako bidea zabaltzen die lanak emakumeei.
Prozesu migratorioa bera ahalduntze ariketa bat da emakumeentzat. Erregimen esplotatzaileen menpe dauden emakume ahaldunduak dira migranteak, baina ez dute zapaltzeari aurre egiteko ez baliabiderik ez eta aukerarik ere. Gizartearen onarpena du gertatzen ari denak, eta nire iritzian, hori da larriena. Esplotatzaileak beti egon dira eta egongo dira, baina arazoa da gizartea onartzen ari dela guztia.
Duela 20 urte esango genuen emakume migranteek ez dutela ezagutzen hemen gertatzen ari dena, eta zer aurkituko zuten jakin gabe ateratzen zirela euren herrialdetik. Gaur egun, teknologia berriei esker, badakite zerekin egingo duten topo, nahiz eta ondoren etorriko zaien indarkeriaren maila zenbaterainokoa izan daitekeen ondo jakin ez.
Ekonomikoki hemen jasotzen dituzten soldatak ez dira duinak. 700 euroko soldata dute batez beste, eta euren herrialdeetan ere, kopuru hori prekarioa da. Hemen dirua irabazi, euren herrialdeetara bidali eta han aberatsen pare bizi direla gezurra da.
Erakundeen aldetik, kontrolik ba al da egoera hauek identifikatzeko eta neurriak hartzeko?
Mekanismoak egon badaude eta atzerritarren eskubideak bermatzeko legea egon ere badago, baina legea betearazteko borondate politikoa falta da. Orduan, egungo mekanismoek ez dute ezertarako balio. Zertarako daude lan ikuskatzaileak, teknikari horiek etxe barruan sartu eta errealitate horri begiratu nahi ez badiote?