Gizartea
Koronabirusa
Jaurlaritzak inzidentzia erdira murriztu nahi du hirugarren olatua eragozteko
agentziak | erredakzioa
Garitanok aitortu du joera ona bada ere, beherakada "nahiko azkarrarekin", egoera ez dela "ona" oraindik.
-
Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzaren Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzailea. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak COVID-19aren inzidentzia tasa egungo mailaren erdira baino gehiago murriztu nahi du pandemiaren beste agerraldi bat edo hirugarren olaturik egon ez dadin.
Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak aitortu du joera ona bada ere, beherakada "nahiko azkarrarekin", egoera ez dela "ona" oraindik.
Gogorarazi du osasun agintari europarren irizpidea dela inzidentzia 50 kasura jaistea 100.000 biztanleko, eta tartean, gaur egungo 570etik erdira "baino askoz gehiago" jaistea dela helburua.
Garitanok gogorarazi du abuztu amaieran 249,5ekoa zela inzidentzia, eta ez zela nahikoa izan, segituan iritsi zelako bigarren olatua. Hori dela eta, kopuru horretatik jaistea da Jaurlaritzak bilatzen duena.
Azaldu duenez, helburu hori jarri dute "asintomatiko masak" pandemiaren beste olatu bat eragin dezakeelako, eta "desiragarriena konfinamendu zorrotzarekin" lortu ziren datuetara jaistea izango litzateke.
Estrategiak egiterako garaian "anbizioa" behar dela azpimarratu ondoren, koordinatzaileak aipatu du ZIUen egoera oraindik larria dela, oheen % 42 (134) COVID-19a duten gaixoak erabiltzen ari direlako.