Gizartea
Ikastolen aldeko festa
"Kalakalata!" leloa lagun, Sopelak hartuko du 2021eko Ibilaldia maiatzaren 30ean
EiTB.EUS
Sopelako Ander Deuna ikastola eta Leioako Betiko ikastola arduratuko dira, hain zuzen ere, datorren urteko Bizkaiko ikastolen aldeko jaia antolatzeaz.
-
2021eko Ibilaldiaren aurkezpen prentsaurrekoa. Argazkia: Ibilaldia Elkartea
COVID-19aren pandemia gorabehera, Bizkaiko ikastolen aldeko festak iragarri du dagoeneko zein diren 2021eko Ibilaldiaren erronkak. Bizi ditugun garaiak kontuan hartuta, Ibilaldiaren baloreak azaleraztea inoiz baino garrantzitsuagoa dela iritzita, ostegun honetan egin dute aurkezpena antolatzaileek. Sopelako Ander Deuna ikastola eta Leioako Betiko ikastola arduratuko dira, hain zuzen ere, datorren urteko jaia prestatzeaz.
Gaur aurreratu dutenez, maiatzaren 30ean egingo dute Ibilaldia, ikasturte osoan zehar Uribe Kostan izango diren ekimenei amaiera emanez.
Helburuen artean dute, besteak beste, ikastolen eredua indartzea, herriko elkarte eta erakundeekiko harremanak sakontzea eta bi zentro horietako eraikinak berritu eta egokitzea. Halaber, euskara eta euskal kultura bultzatu nahi dute, ekitaldi eta jarduera ezberdinen bidez, eta berdintasuna, hezkidetza eta jasangarritasuna hartu nahi dituzte ardatz.
Gurasoen, ikasleen eta bi ikastola horietako langileen parte-hartzeari esker, "Kalakalata!" leloa aukeratu dute Ibilaldiaren datorren ediziorako, "barru-barruraino busti izanaren" sentsazioa helarazte aldera. Horrekin batera, asmo zuten Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera atera ahal izateko hartutako konpromisoaren berri ematea.
Logoari dagokionez, goitik behera bustita, saltoka pozik dabilen "pertsona" baten irudia aukeratu dute, ekimena eta bizitasuna adierazi nahian edo.