Gizartea
Koronabirusa
Zupiria: "Gabonak ez dira tregoa bat, ez dago murrizketak aldatzeko arrazoirik"
Agentziak | Erredakzioa
Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du ez dutela egoki ikusten talde bilerak sei pertsona baino gehiagokoak izatea.
-
Zupiria, gaur Donostian. Argazkia: Irekia
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi duenez, "Gabonak ez dira tregoa bat" eta, beraz, "ez dago arrazoirik" gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileak aldatzeko, tartean talde bileretan bizikideak ez diren sei pertsona baino gehiago biltzearen debekua.
"Gabonek ez dute immunizatzen, ez digute atsedenaldirik emango berez. Kezkatuta gaude osasun egoerarekin, eta badakigu hilabeteetan luzatuko den egoera bat dela, eta hilabeteetan mantendu beharko ditugula neurriak osasuna bermatzeko eta gaixorik baldin bagaude, besteak ez kutsatzeko. Gabonetan erne jarraitu behar dugu, ez da komeni mugitzea", esan du eledunak Donostian egindako agerraldian.
Zupiriaren esanetan, Jaurlaritzak hilabeteak daramatza esanez bizikideak ez diren sei pertsona baino gehiagoko bilera eta ospakizunak saihestu behar direla eta gaur gaurkoz "ez dago arrazoirik irizpide hori aldatzeko".
"Gutariko edonor egon liteke gaixo eta gutariko edonork kutsa lezake lagun urkoa, izan haur, izan gazte, izan heldu. Beraz, uste dugu ez dagoela motiborik alde horretan salbuespenik egiteko", nabarmendu du.
Azpimarratu duenez, "mahai baten bueltan bil daitekeen pertsona kopurua zehaztea bezain garrantzitsua da zergatia ulertzea. Izan ere, familia ospakizunetan ordu asko igarotzen ditugu batera, maskararik gabe, gainera. Maitasun keinuak egon litezke, eta normalean bizi ez garen pertsonekin. Kutsatzeko arrisku handia dago".
Iñigo Urkullu lehendakariari ere gaiaz galdetu diote goizean. Esan du espero duela datorren astean Gabonetarako plan bat adosteko gai izango direla Espainiako Gobernua eta erkidegoak.
BIDEOA | Erkidegoek Gabonetarako plan bat adostea espero du Urkulluk