Gizartea
Koronabirusa
Nafarroak erresidentzietako bisitak baimendu ditu, astean behin eta txanda hartuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Goizeko zein arratsaldeko txandan hartuko dituzte bisitariak. Zahar-egoitzen kasuan, pertsona bakarra onartuko dute, 30 minutuz. Desgaitasunen bat dutenek, berriz, 60 minutuko bisitak izango dituzte.
-
Zahar-egoitza baten irudia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Ostegun honetatik aurrera, pandemiak azken egunetan izan duen bilakaera positiboak lagunduta, adinekoek eta desgaitasunen bat duten pertsonek astean behin bisitak jaso ahalko dituzte berriro ere Nafarroako erresidentzietan. Horretarako, bana, senitartekoek edo gertuko lagunek aurretiko hitzordua hartu beharko dute.
Erresidentziek goizeko zein arratsaldeko txandan jasoko dituzte bisitariak. Zaharren egoitzen kasuan, pertsona bakarra onartuko dute, 30 minutuz. Desgaitasunen bat dutenek, berriz, 60 minutuko txandak izango dituzte, eta bi pertsonaren bisita jaso ahalko dute.
Aldi berean erresidentzia bakoitzak jasoko duen bisita kopurua zentro bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da, betiere, bisitarien arteko segurtasun tartea gordeta eta familiakoak ez diren beste pertsona batzuekin harremanik izan gabe.
Ohiko tokietatik asko aldendu gabe egingo dituzte bisitak, neurriak betez, kutsatzeak saiheste aldera.
Horretarako, hertsiki jarraitu beharko dituzte erresidentzietako arauak, egoiliarren osasuna bermatu ahal izateko.
Adinekoak eskutik heltzeko aukera ere izango dute bisitariek, aurretik hidrogelarekin eskuak ondo garbituta. Desgaitasunen bat dutenekin, berriz, kontaktua ahal den mugatuena izan beharko da.
Eskubide Sozialetatik ezarritako baldintzen artean dago zentroek bisitetarako leku jakin bat edukitzea; barruan zein kanpoan, baina ondo aireztatua, eta ahal den neurrian erresidentziako gainerako egoiliarrak dauden tokitik at.
Ohean dauden pertsonek ere bisitak jasotzeko aukera izango dute logelan.