Gizartea
KORONABIRUSA
Txertoa lortu arteko bidea "luzea" dela iritzita, zuhurtzia eskatu du Sagarduik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bien bitartean, zuhurtzia eta prebentzio neurriak mantendu behar direla azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak; izan ere, haren esanetan, "hobeto gauden arren, ez gaude ondo".
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteazken honetan ohartarazi duenez, COVID-19aren txertoa lortzeko bidea "luzea" da oraindik eta, bien bitartean, zuhurtziari eta prebentzio neurriei eustea eskatu du.
Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Osakidetzak txertaketa plan asko dituela nabarmendu du. Ildo horretan, gaur egun martxan dagoen gripearen aurkako txertaketa kanpaina gogoratu du. Gripearekin egin bezala, COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina ere antolatuko duela adierazi du.
Dena dela, kanpaina martxan jarri aurretik, "zer txerto mota izango den edo txertoa eraginkorra izateko zer baldintza bete behar diren" jakin behar dela azaldu du, eta, xehetasun horiek ezagutu ondoren, Osakidetzak txerto kanpaina antolatzeko gaitasuna izango duela gaineratu du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko teknikariak txertoen ezaugarriak aztertzen ari direla azpimarratu du.
"Urtarrila hor egon arren txertorako bidea luzea da, eta bien bitartean, zuhurtziaz jokatu behar dugu eta prebentzioari eutsi behar diogu, gero egin beharko dugun bezala. Txertoak onartu egin behar direla lehenik, eta, onartu ondoren, pentsatu behar dugu nola egokitu behar diren Euskadin zabaltzeko. Baina horretarako bide luzea dago aurretik", azpimarratu du.
Halaber, Osasun sailburuak deitoratu egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak astelehenean aurkeztutako txertaketa planaren berri "prentsaren bidez" eduki izana. "Hori ez da elkarlanerako eta gobernantzarako bidea", salatu du. "Badakigu Espainiak jasoko dituela txertoak, Europako Batzordeak hala erabaki zuelako, baina horrek ez du esan nahi hori zabaltzeko modu hoberik ez dagoenik, guk eman beharko baitugu txertoa gure osasun zentroetan", zehaztu du.
Bestalde, Gotzone Sagarduik gogorarazi duenez, egungo neurri murriztaileak abenduaren 10era arte egongo dira indarrean. Datuak "hobetzen ari direlako itxaropentsu" daudela onartu arren ohartarazpena egin du: "hobeto gaude, baina ez gaude ondo". "Bidea luzea da, eta badirudi ahaztu egiten zaigula nondik gatozen, ez gatoz egoera on batetik", gaineratu du.
"Egoera on batera iristeko, (intzidentzia) asko jaitsi behar dugu", esan du. "Ez dezagun ahaztu nora iritsi behar dugun, ez 500 kasutik behera (100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasan), 60ra baizik. Hor dago gure helburua", azaldu du.