Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEn ezarritako "oinarrizko neurriak" Gabonetan ere indarrean egongo dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zupiriak ez du zehaztu zein diren gutxienez urtea amaitu arte arinduko ez dituzten neurri murriztaileak. Azken erabakia datuen bilakaeran oinarrituta hartuko du lehendakariak edo LABIk.

1:48
Bingen Zupiria. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan ohartarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko neurri murriztaileak "denbora luzez" egongo direla indarrean, "Gabonetan baita", baina ez du zehaztu zein diren urtea bukatu arte arinduko ez dituzten murrizketak.

Gobernu Kontseilua bukatu dutenean, Zupiriak azaldu du Osasun Ministerioak Gabonetarako aurreikusitako planaren zirriborroa bidali diela. Hain zuzen ere, sei pertsonatik gorako bilerarik ez egitea eta Gabonetan eta Urtezaharrean etxeratzea 01:00era luzatzea proposatu die honek.

Edozein modutan, autonomia erkidegoek zirriborro hori aztertu beharko dute, bihar bertan nahi dituzten ekarpenak egin ahal izateko. Zupiriak, ordea, ez du zehaztu zein diren Euskadik egingo dituen proposamenak.

Haren hitzetan, zirriborro horretan jasotako neurri gehienak indarrean daude jada, mugikortasunarekin eta ordutegiekin lotutako mugak, bizikide ez direnekin ez batzeko gomendioa, maskararen erabilera eta segurtasun tartea gordetzea, esaterako.

Bestalde, Jaurlaritzak herritarrei eskatu die Gabonetan ez ditzatela lankideekin afariak edota hitzorduak antolatu. "Badira zenbait neurri, dagoeneko indarrean daudenak, hau da, egoerari buelta eman arte gure artean jarraitu beharko dutenak, Gabonak izan ala ez".

Hala eta guztiz ere, neurri horiei buruzko azken erabakia datuen bilakaeraren arabera hartuko du Iñigo Urkullu lehendakariak edo LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.