Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek larri zauritu du emakume bat Donostian

EITB.EUS

Atxilotuak ez du delitu-aurrekaririk, ezta genero-indarkeriaren ondorioz espedienterik ere, eta polizia-etxean dago, hilketa saiakera eta genero-indarkeria egotzita.

  • Erasoa gertatu den ostatuaren kanpoaldea

    Erasoa gertatu den ostatuaren kanpoaldea. ETBren bideo batetik ateratako irudia

52 urteko gizon bat atxilotu dute astearte honetan Donostian, bikotekideari, 52 urteko emakumeari, labankada bat emateagatik Gros auzoko pentsio batean. Emakumea larri zauritu da.

Atxilotuak ez du delitu-aurrekaririk, ezta genero-indarkeriagatiko espedienterik ere, eta polizia-etxean dago, hilketa saiakera eta genero-indarkeria egotzita.

Ezbeharra 05:00ak aldera gertatu da Iztueta kaleko ostatu batean, Gros auzoan, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Bizilagun batek Udaltzaingoari jakinarazi dio liskar bat zegoela ostatu publikoan, eta berehala patruila bat bertaratu da. Agenteek, eraikineko solairu bateko eskailera-buruan, gizon bat aurkitu dute emakume bat igogailura arrastaka eramaten. Biak odolez beteta zeuden, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Ondoren, gunea ikertzen aritu diren ertzainek sukaldeko aizto bat aurkitu dute, ustez erasoan erabilitako arma.

Biktima, nikaraguarra, Donostia Ospitalera eraman dute anbulantzian, lepoan gutxienez bi labankadak eragindako zauriak zituela, baina ez dago arriskuan, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Atxilotua venezuelarra da, eta ertzain-etxean dago atxilotuta.

Eudelek eraso matxista gaitzetsi du

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Euskal Udalen Elkarteko (Eudel) presidenteak gogor gaitzetsi du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, gaur goizaldean Donostian izandako eraso matxista, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak "lehentasuna" izan behar duela azpimarratu du.

Hala, Eudeleko presidenteak babes eta elkartasun osoa agertu dio elkartearen aldetik erasoa jasan duen emakumeari, eta "irmotasunez" gaitzetsi du indarkeria matxista, Emakumeen aurkako Indarkeria Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan gertatua.

Gainera, Eudelek manifestu instituzional bat argitaratuko duela esan du, eta bertan "indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasuna" izan behar duela planteatzen du, eta erakunde publikoek "ahal dituzten baliabide guztiak" proposatu behar dituztela horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.