Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Milaka ostalari mobilizatu dira Bilbon tabernak baldintzekin irekitzeko eskatuz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Manifestariak San Mames inguruan elkartu dira, bost zutabetan Errekalde, Zorrotza, Deustu, Santutxu eta Alde Zaharretik abiatu ostean.

0:36
Ostalarien protesta. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Milaka ostalarik manifestazioa egin dute arratsalde honetan Bilbon, tabernak eta jatetxeak "pixkanaka" eta "kontrolpean" irekitzeko eskatuz. Eusko Jaurlaritzak aginduta, ostalaritza lokalak itxita daude azaroaren 6tik koronabirusari aurre egiteko asmoz.

Bizkaiko Tabernariak elkarteak antolatuta, ehunka manifestariz osatutako bost zutabe atera dira Bilboko auzoetatik (Errekalde, Zorrotza, Deustu, Santutxu eta Alde Zaharra) eta denak San Mames estadioaren ondoan elkartu dira.  

"Ostalaritza SOS" lelodun kartelak eraman dituzte, sirena hotsak jarri dituzte eta "aurrera" egingo dutela oihukatu dute behin eta berriro.

Agintariei establezimenduan berriro irekitzeko baimena eman dezatela eskatu diete, irekiera "pixkanaka" eta "kontrolpean" egin dadin beharrezkoak diren neurriak hartuta. Alabaina, hori bakarrik ez dela nahikoa, eta "lanpostuak mantentzeko baliabideak" jar ditzala galdegin diote Eusko Jaurlaritzari.

Mobilizazioa San Mamesen eginda, Athleticek eta talde zurigorriaren jarraitzaileek Bilboko taberna eta jatetxeekin duten lotura azpimarratu nahi izan dute, zaleak establezimendu horietan bildu ohi direlako partidak ikusteko.

"Premiazko plan bat behar dugu bizkaitarren sentimenduak eta gure klubak bat egiten duten espazioak babesteko", adierazi dute.

Elkarretaratzea Athletic-Betis partida hasi baino lehenago egin dute eta jokalariek manifestazioa ikusteko aukera izan dute estadiora autobusez iritsi direnean.