Gizartea
TURISMOA
Gasteiz aukeratu dute 2021ean bidaiatzeko toki onenen artean
EITB.EUS
"National Geographic" aldizkariak 2021ean bidaiatzeko munduko 25 leku onenen zerrenda osatu du. Gasteiztik hirigintza berdea eta programazio kulturala nabarmendu ditu.
-
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, hutsik. ETBren bideo batetik ateratako irudia
National Geographic aldizkariak Gasteiz sartu du 2021ean bidaiatzeko 25 toki onenen artean. Zehazki, Kultura & Historia kategorian hautatu dute.
"Iraunkortasuna ulertzeko duen moduagatik", hirigintza berdeagatik eta "metropoli handien mailako kultur programazioa" eskaintzeagatik hautatu du.
Argitalpenak nabarmendu duenez, Arabako hiriburuan ospatzen den Nazioarteko Jazzaldiak "artista hasiberriei eta gogoangarriei" tokia egiten die. Halaber, Arabako hiriburuko parke eta lorategiak goraipatu ditu. Horrekin lotuta, aldizkariak gogorarazi du "hiriko natura mantentzeko esfortzuei" eta "mugikortasun iraunkorraren aldeko apustuari" esker, Gasteizek 2012an Europako Hiriburu Berdearen izendapena eskuratu zuela.
Tradizioa mantentzeko gasteiztarrek duten pasioa ere nabarmendu du National Geographicek. Alde Zaharrari lotuta, "Erdi Aroko artisauen gremioen izenak dituzten" kaleak eta bertako pintxo ezagunak aipatu ditu. Gainera, Arabako Errioxako bodegak eta mahastiak eta Araba barnealdeko tokiak bisitatzeko abiapuntu aproposa dela iradoki du.
Hiriko leku enblematikoen artean, Santa Maria Katedrala eta Andre Mari Zuriaren plaza azpimarratu ditu.
Gasteizek hilabete honetan jaso duen turismo arloko bigarren aipamena da. Iragan azaroaren 6an, Estatu mailan Pet Friendly 2020 Turismogune aitorpena jasotzeko hautagai gisa izendatu zuten. Sari horretarako bozketa emateko epea zabalik dago.