Gizartea
Migrazioa
'Aita Mari', prest Pasaiatik Mediterraneora itzultzeko
Agentziak | Erredakzioa
Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak bisita egin die migratzaileen itsasontziak erreskatatzeko ontziko tripulazioari, Gipuzkoako udalerrian uztailetik.
-
Beatriz Artolazabal sailburua, 'Aita Mari'-n. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Aita Mari ontziak konpontze eta mantentze lanak bukatu ditu, eta prest dago berriz Mediterraneora joateko, migratzaileen itsasontziei laguntzera. 2020an 202 pertsona erreskatatu ditu Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak.
Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak bisita egin die ontziaren tripulazioko kideei, uztailetik Pasaiako (Gipuzkoa) portuan. Bertan burutu ditu itsasontzia konpontzeko eta mantentzeko lanak.
Artolazabalek proiektuaren interes "sozialaren, humanitarioaren eta premiazkoaren balioa" nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak komunikatu batean esan duenez, "Mediterraneoan bizi den premiazko eta salbuespenezko egoera kontuan hartuta".
Ontzia 2018an hasi zen mota honetako ekintzak egiten, eta COVID-19aren pandemiak eraginak izan ditu. Izan ere, sei misio zituzten aurreikusita urte honetarako, baina bakarra egin ahal izan dute, urtarrila eta otsaila artean. Bi itsasontziri eman zioten laguntza urte hasieran: gomazko bat 93 pertsonarekin, eta zurezko beste bat 65ekin. Mesinan (Sizilia, Italia) lehorreratu ziren.
Erreskatatutako 159 pertsonetatik, 90 gizonak ziren; 17, emakumeak (horietako hiru haurdun zeuden), eta 51, adingabeak (horietako 39, bakarrik).
Gainera, 2020an aurreikusita zituzten 180 egunetatik, Aita Mari-k 36 baino ezin izan ditu egin, eta 69tan hainbat portutan egon dira, arrazoi desberdinengatik.
Horretaz aparte, apirilean Siziliatik Pasaiarako bidea hartu zuen, Italian ezarritako konfinamenduaren ondorioz, eta beste 44 pertsona erreskatatu zituen, Italiako Gobernuaren ferry batera eramateko.
Erakundea larrialdietako langileek eta boluntarioek osatzen dute, eta "itsasoan pertsonen bizitza babestea eta giza eskubideak defendatzea" ditu helburu, eta "Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, eta e bakarrik ekonomikoa".
Exekutiboak azaldu duenez, "laguntza horrek Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerei arin erantzuteko duen konpromiso proaktiboari erantzuten dio". Mediterraneo erdialdeko ibilbidean dago, izan ere, Libia, Tunisia, Italia eta Malta artean, hildako eta desagertu kopuru handiena.