Itxi

Gizartea

Mendebaldeko Sahara

Marokok Guergueraten su-etena hautsi duela salatu dute dozenaka mobilizaziok

Agentziak | Erredakzioa

Gatazkan "ekimena" hartzea eskatu dio Euskadiko Sahara Mugimenduak Espainiako Gobernuari. Zentzu horretan, Exekutiboa Rabaten "esanetara" egotea kritikatu dute.

  • Mobilizazioa Donostian. Argazkia: EFE

    Mobilizazioa Donostian. Argazkia: EFE

EAEko hiru hiriburuetan eta 30 bat udalerritan elkarretaratzeak egin ditu Euskadiko Sahara Mugimenduak, Marokok Guergueraten su-eten akordioa hautsi duela salatzeko, eta saharar herriari zein Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteko. Guergueratek Mendebaldeko Sahara eta Mauritania lotzen ditu.

Bilbon, mobilizazioa 12:00ak aldera abiatu da Arriaga antzokitik. ‘Sahara Askatu’ lelopean, manifestariek “Maroko errudun, Espainia erantzule”, oihukatu dute.

Besteak beste, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, CNT eta EHNE sindikatuek protestekin bat egin dute. “Deskolonizazioaren zain dagoen Afrika kontinenteko azken lurralde ez autonomoa da” Mendebaldeko Sahara, eta Espainiako Gobernuari erantzukizuna onartzeko eskatu diote.

Era berean, beste mobilizazio batzuetan EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IU koalizioko ordezkariek parte hartu dute.

Gatazkan “ekimena” hartzea eskatu dio Euskadiko Sahara Mugimenduak Espainiako Gobernuari. Zentzu horretan, Exekutiboa Rabaten “esanetara” egotea kritikatu dute.

Donostiako manifestazioan ehunka pertsonak parte hartu dute. 35 elkartek osatzen dute Euskadiko Sahara Mugimendua, Fronte Polisarioko ordezkaritzaren babesarekin.

Protesta Donostian. Argazkia: EFE

Boulevardeko kioskotik antolatzaileek gomendioak eman dituzte, distantziak mantentzeko, pankartak sei pertsona baino gutxiagok eramateko, maskara erabiltzeko eta probokazioei jaramonik ez egiteko; antza denez, asteon egindako protestan probokazioak izan ziren. Martxa 12:00ak aldera abiatu da, “Maroko kolonialista. Saharatik kanpora” lelopean.

Emakume saharar ugarik parte hartu dute protestan, saharar banderekin eta jantzi tradizionalekin jantzita. “Espainia entzun, Sahara ez dago salgai”, “Polisario garaile” eta “Maroko errudun, Espainia erantzule”, oihukatu dituzte gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz.

"Teorian" NBEren Misioak (Minurso) "babestutako lurralde bat inbaditu dute"

Jose Angel Zuazua Mendebaldeko Saharako Lagunen Donostiako Elkarteko presidenteak azaldu duenez, protesten helburua saharar herriak “bake eta autodeterminaziorako” eskubidea duela aldarrikatzea da.

Zuazuaren ahotan, Marokok 1991ko “su-etena hautsi izana deitoragarria da”. Rabatek tropak bidali zituen azaroaren 13an Guerguerateko zona desmilitarizatura, sahararrek urriaren 21ean pasabidea blokeatu ondoren.

1991eko Bake Akordioaren inguruan, “ikuspuntu politikotik haserregarriena Espainiako Gobernua Marokoren esanetara egotea da”, kritikatu du Zuazuak.

“Teorian” NBEren Misioak (Minurso) “babestutako lurralde bat inbaditu dute” Marokoko indarrek, eta Rabat “saharar ondasunak lapurtzeko erabiltzen ari da”, azpimarratu du.

“Duela urte asko” Donostiak auziarekin “bat egin” bat egin zuen, eta “saharar umeak hartzen ditu, eta Daira de Bojadorrekin senideturik dago”, gogorarazi du Zuazuak.