Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertaketa urtarrilean hasiko dela eta ez dela derrigorrezkoa izango esan du Illak

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuaren Osasun ministroaren ustez, txertoa jartzea derrigorrezkoa izatea "kalterako" izan liteke. Espero du 2021 erdialderako 30 milioi herritarrek txertoa jaso izana.

  • Txertoa.

    Txertoa. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak esan du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina 2021eko urtarrilean hasiko dela eta ez dela derrigorrezkoa izango.

RAC1 eta Catalunya Radio irratietan emandako elkarrizketetan esan du ez dela "gomendagarria" Espainian koronabirusaren aurkako txertoak derrigorrezkoak izatea. Are gehiago, ministroak esan du "adituek" uste dutela "kalterako ere izan litekeela".

Zentzu horretan, Illak esan du herritarren artean txertatzearen onuren inguruko "kontzientziazioa handia" dela, "txertoak jartzeari dagokionez tradizio ona duen herrialdea delako Espainia".

Horrela, "legalki" Gobernuak txertatzera derrigortu dezakeen arren, ziur agertu da derrigortasuna saihestuz gero "oso erantzun maila altua egongo dela" Espainiako herritarren artean.

Hori "sendotzen" saiatuko da Exekutiboa, birusaren kontra txertatzeak gizarte osoarentzat "dakartzan onurak eta egia" azalduz.

Ministroak azaldu duenez, txertoa jartzeko 13.000 puntu daude Espainian, eta 10 bat milioi pertsonari jartzen zaio bi hilabeteko epean, beraz, "ohiko sarearekin erritmo altuan eta eraginkorrean, eta bermeekin, aritu ahalko gara".

Illaren arabera, "urtarrilaren momenturen batean" hasiko da txertaketa prozesua, baina ez du zifrarik edo eperik jarri nahi.

Ministroak espero du urte erdialderako 30 bat milioi herritar txertatuta egotea, hau da, "biztanleriaren % 70, gutxi gorabehera". Horrela, herritarren zati nabarmen bat immunizatuta egongo litzateke.

Horrek, era berean, koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak "modu nabarmenean" lasaitzea ahalbidetuko luke.