Gizartea
Migrazio krisia
Espainiak migratzaile zaurgarrienak soilik eramango ditu Kanarietatik Penintsulara
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritza aurten irletara iritsi diren 18.000 migratzaileetatik 60 hartzeko prest agertu da.
Espainiako Migrazioen Ministerioak iragarri du zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileak soilik eramango dituztela Kanariar Uharteetatik Iberiar Penintsulara.
Jose Luis Escriva Migrazio ministroak gaur aurkeztu du, Las Palmasen, Kanarietan bizi duten migrazio krisiari erantzuteko osatu duten egitasmoa, eta Defentsa Ministerioak, Las Palmaseko Udalak eta Bankiak utzitako eraikinetan eta lur-eremuetan oinarritzen da.
EAEk, Valentziak, Gaztela Leonek, Extremadurak, Aragoik eta Bartzelonak Kanarietan dauden 9.000 migratzaileetako batzuk hartzeko egindako eskaintzaren aurrean, Escrivak azpimarratu du zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak soilik eramango dituztela penintsulara.
Migrazio Ministerioak 6.000 plazako larrialdi kanpaleku bat jarriko du Kanaria Handian, Tenerifen eta Fuerteventuran, orain 17 turista gunetan banatutako migratzaileak hartzeko eta, aldi berean, beste 7.000 plaza sortzeko lanean ari da beste eraikin batzuetan.
Escrivak azpimarratu du aurten Kanariar Uharteetara ontzi txikietan iritsi diren 18.348 migratzaileen % 90 inguru "jatorrizko herrialdera kanporatzeko modukoak" direla.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak Kanarietara iritsitako 60 pertsona "berehala" hartzea eskaini dio Ministerioari.
Marlaskak lekualdatzeak ukatu ditu
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak azaldu du Gobernuak Kanariar Uharteak "Europako sarbide irregular" bihurtzea galarazi nahi duela.
Izan ere, migratzaileak penintsulara eramatea eskatu du Kanarietako Gobernuak behin eta berriz, baina baita Unidas Podemose Espainiako Gobernuko kide denak ere.