Itxi

Gizartea

Eusko Jaurlaritza

Agenda Nagusi TV sortu dute, adinekoei zuzendutako telebista kate digitala

EITB.EUS

Bigarren saioan, nahi gabeko bakardadearen gaia landu dute, eta bildutako ekarpenekin, Jaurlaritzak horren inguruan egin asmo duen plana osatuko dute.

  • Artolazabal, Mercedes adinekoen bakardadeaz ohartarazteko eskulturaren ondoan.

    Artolazabal, Mercedes adinekoen bakardadeaz ohartarazteko eskulturaren ondoan. Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Agenda Nagusi TV abiarazi du, adinekoei zuzendutako telebista kanal digitala. Sareko telebista horrek Agenda Nagusi izeneko proiektuari jarraipena eman nahi dio. Proiektuaren bigarren saioan nahi gabeko bakardadeari heldu diote, formatu digitalean osatutako telebista katearekin.

Proiektuaren bigarren atal honetan bildutako ondorio eta ekarpenekin Jaurlaritzaren politiketan eragitea da helburua. Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, "haien bitartez, Nahi Gabeko Bakardadearen aurka Borrokatzeko Erakundeen arteko Plana izango dena osatuko da". Eusko Jaurlaritzak plan hori legegintzaldi honetan ezarriko du (PSE-EEren eta EAJren arteko gobernu-akordioaren baitan dago).

Artolazabalen esanetan, zaila da nahi gabeko bakardadean zenbat pertsona bizi diren jakitea. Euskadin, Eustaten azken datuen arabera —apirilekoak—, 263.000 pertsona bizi dira bakarrik. Horietatik ia % 43k, 112.500 pertsonak, 64 urte baino gehiago dituzte, eta, pertsona horietatik, 27.900ek 85 urte edo gehiago. "Hemen ere genero-ikuspegia ezinbestekoa da; bakarrik bizi diren lautik ia hiru, zehazki % 73,5, emakumeak dira", esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Sailburuak nabarmendutakoaren arabera, "bakarrik bizitzea eta bakardadean sentitzea oso gauza desberdinak dira", baina saioak bakarrik sentitzen direnetan jarri du arreta; izan ere, "hori ez da egoera iragankor bat; pertsona askorentzat sufrimendua eta estutasuna dakartzan egoera emozionala eragiten du".

Jauzia digitalera

Egungo osasun larrialdi egoera tarteko, digitalerako jauzia egin behar izan du Agenda Nagusik; izan ere, ezin dira pertsona-taldeak batu. Hori dela eta, proiektua berrasmatu egin dute, online formatu berriaren bidez; formatu horrek aukera ematen du gizartearekin eta, bereziki, nagusienekin aurrez aurrekoa ez den elkarreragina izateko.

Hala sortu da Agenda Nagusi TV. Parte hartzeko eta informazioa jasotzeko online kanala da, eta prestakuntzarako eta kontsultarako espazio bat eskaintzen du, iritzirako eta herritarrekin eta, bereziki, nagusiekin egiaztatzeko espazio bat. Hala, arazoei heldu eta irtenbideak proposatzeko aukera ematen du. 2020a amaitu aurretik, bost telebista-saio argitaratuko dituzte webgunean, ordubete ingurukoak. Lehen saioa, dagoeneko, 1.000 pertsonak ikusi dute.

Agenda Nagusi 2019an jaio zen. 10 bat ekitaldi parte-hartzaile ireki antolatu ziren, eta Euskadiko zenbait udalerritako eta eremutako 500 pertsonak baino gehiagok eman zuten iritzia. Ekarpen horiekin, Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 Familia Zaintzaileentzako Laguntzarako Estrategia Soziosanitarioa prestatu du; estrategia baliozkotzeko azken fasean dago, onetsi aurretik.