Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Positibotasun tasa % 6,5era jaitsi da EAEn eta Nafarroan % 6,6an mantendu da

EITB.EUS

Euskadik 935 positibo atzeman ditu azken orduetan eta Nafarroa 200 kasutik behera dago, seigarren egunez jarraian.

  • Hainbat pertsona PCR proba bat egiteko zain.

    Hainbat pertsona PCR proba bat egiteko zain. Argazkia: EFE

Positibo berriak, positibotasun tasa eta metatutako intzidentzia apur bat jaitsi dira azken orduetan Euskadin. Nafarroak ere kutsatze berrien beheranzko joerarekin jarraitzen du.

EAEk 935 kutsatze ateman ditu azken orduetan, eta % 6,5eko positibotasun tasa izan du, urriaren 17tik izan den baxuena; beraz, autonomia erkidegoan pandemiak apur bat behera egiteko joera berretsi da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan eman du pandemiaren bilakaeraren azken datuen berri; izan ere, 14.391 proba diagnostiko egin zituzten, eta 935 pertsonak eman zuten positibo, asteazkenean baino 134 gutxiagok, hain zuzen ere.

Urriaren erdialdetik tasa hori ez zegoen hain baxu, eta azaroaren hasieran ere % 10etik gorakoa izan zen, 1.400 kutsatze berri izan baitziren.

Datu positibo horrez gain, oinarrizko ugalketa-kopuruak, hau da, gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duen R0ak, behera egiten jarraitzen du, eta 0,83an dago jada.

Datu horiek Osasun Sailak azken egunotan aipatu duen hobekuntza berresten dutela dirudi; hain zuzen ere, bihar bi aste beteko dira azken neurri murriztaileak abian jarri zituztenetik, ostalaritza itxi eta etxeratze-agindua aktibatuta.

Hain zuzen ere, azaroaren 7an, neurri horiek indarrean jarri zirenean, pandemiaren bilakaerari buruzko datuen berri eman zuten, 1.275 kutsatze eta % 10,3ko positibotasun tasarekin.

Euskadiko intzidentzia-tasa metatua, hamalau egunetan, 753,6 kasukoa da 100.000 biztanleko, aurreko eguneko 781,5 kasuen eta astearteko 799,4 kasuen azpitik.

Ospitaleko egoerak egonkortasuna erakusten du, bezperako 610 ospitaleratuta jarraitzen baitute. Gela arruntetan ospitaleratutakoak 475 dira (bi gutxiago). Gainera, 135 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bi gehiago. Eguneko ospitaleratzeak gela arruntetan asteazkenean 56 izatetik ostegunean 62 izatera pasa dira.

Gipuzkoak, 407 kasu berrirekin, intzidentzia-tasa metatu handiena duen probintzia izaten jarraitzen du, 978,1 kasu 100.000 biztanleko, baina aurreko eguneko 1.100 kasuak baino gutxiago.

Bizkaian 412 kasu diagnostikatu ziren eta tasa 665,2 kasutan dago (689,5 bezperan) eta Araban 109 kasu, 514,3ko tasarekin (534,5). Atzo, gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo duten 7 pertsonak eman zuten positibo.

Egonkortzea eta hobekuntza txiki bat udalerrietan ere ikusten da; izan ere, asteazkenean 59 zeuden (31 Gipuzkoan, 26 Bizkaian eta 2 Araban), baina ostegun honetan 57 zeuden. Bizkaian Arrigorriaga eta Ortuella irten ziren zerrendatik, baina Derio sartu zen; Gipuzkoan, berriz, Urnieta atera zen pandemiaren eragin handieneko eremutik.

EAEko zahar-egoitzetako egoera

Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan beste heriotza bat izan da azken bi egunetan; ondorioz, pandemiaren bigarren olatuan 91 pertsona hil dira, eta kutsatutako eta ospitaleratutako adinekoen kasuak areagotu egin dira, baita positibo eman duten langileenak ere.

Atzoko jardunaldia ixtean (azaroak 19, osteguna), Bizkaiko Foru Aldundiak ostiral honetan jakinarazi duenez, lurraldeko egoitza baimenduek (155 zentro baimendu, 10.748 plazarekin) 117 erabiltzaile zituzten positibo baieztatuta, duela bi eguneko txostenean baino 8 gehiago, eta beste 28 ospitaleratuta zeuden, 4 gehiago.

Azken orduetan bi adineko hil dira Gipuzkoako egoitzetan. Dagoeneko bigarren olatuak 73 pertsona hil ditu egoitzetan.

Aldundiak webgunean jakitera eman duenez, ostiral honetan beste hamar positibo baieztatu dituzte, eta 19 adinekok gaixotasuna gainditzea lortu dute. Ondorioz, orain 163 kasu aktibo daude Gipuzkoako egoitzetan.

Bestalde, Arratzua-Ubarrundiako (San Frantzisko Xabier) egoitzaren adineko bat hil da ospitalean. Bitartean, beste positibo bat baieztatu dute Ajuria egoitza publikoan.

Bestalde, hamabi adineko gehiago sendatu dira gaixotasunetik, zortzi Zadorra egoitza foralaren erabiltzaileak dira, eta lau Mikelats etxebizitza komunitario pribatuarenak, erabiltzaileen artean 19tik libre geratu dena.

Une honetan, 28 kasu aktibo daude Arabako adinekoentzako egoitza-sarean. Pandemiaren bigarren olatu honetan, 180 adineko pertsonak gainditu dute koronabirusa.

Autonomia Erkidegoko ikastetxeei dagokienez, ostiral honetan 148 gela itxi dituzte, ostegunean baino 24 gehiago, hau da, % 0,84 gehiago. Gelen itxierak autonomia-erkidego osoan eragindako ikastetxeak 97 dira, hau da, 13 gehiago, eta bat bera ere ez da erabat itxi.

Koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan, 2.370 proba diagnostiko (PCR eta antigenoen probak) eginda, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.

200 kutsatzeen azpitik dago, beraz, eguneko datua, azken sei egunetan bezala. Dena dela, bezperako datuarekin alderatuta, apur bat gora egin du positiboen kopuruak (19 gehiago). Proba kopuru handia gorabehera (bezperan baino 300 bat gehiago), positibotasun tasa bere horretan mantendu da, % 6,6koa baita.

Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 10 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboetako unitatean, eta beste heriotza bat izan zela, 78 urteko gizon bat. Halaber, aurreko egunetan beste lau pertsona hil direla jakinarazi dute, 84 eta 95 urte bitarteko emakumeak. Beraz, kausa horrek eragindako heriotzen kopurua, guztira, 824 da.

Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 46 erregistratu dituzte; Tuteran, kasuen % 19; eta Lizarran, kasuen % 16. Gainerako positiboak (% 19) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Lizarra ageri da zerrendaren goialdean, bigarren egunez jarraian, 12 kasurekin. 10 atzeman dituzte Burlatan, eta 8, Tutera Ekialdean. Honakoek osatzen dute zerrenda: Cascante (7) eta Antsoain, Zizur Nagusia eta Iruñeko Txantrea auzoa (6na).

Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde handiena 30 eta 44 urte artekoa da (% 28), eta ondoren 15 eta 29 urte artekoa (% 22). Jarraian, 45 eta 59 urte bitarteko taldea dago (% 21), eta 15 urtetik beherakoak (% 14), 60 eta 75 urte artekoak (% 10) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 5). Kasu berrien batez besteko adina 39,2 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuen % 46 emakumeak dira eta % 54 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 286 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 6 gutxiago); horietatik 50 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino 5 gutxiago) eta beste 38 etxeko ospitaleratzean (atzo baino 4 gutxiago). Gainerakoak, 198 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 38.317 da Nafarroan, eguneko datuen arabera.

140 ikasle nafar eskoletara itzuli dira gaur, ostirala, konfinamendu aldia amaitu ostean. Aldi berean, 129 ikasle konfinatu dituzte azken hogeita lau orduetan.

Horiekin, 1.217 ikasle daude etxean. Bi zikloetako ikasle guztien % 1,96 dira. Gelaka, 62 konfinatu daude 48 ikastetxetan. Bizikidetza-talde egonkor guztien % 1,78 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.