Itxi

Gizartea

Abenduaren 3a

Nafarroaren Eguna COVID-19aren egoerara moldatu dute, Internet bidezko ekitaldiekin

Agentziak | Erredakzioa

Ekitaldi instituzionala edukiera mugatuarekin egingo dute, eta bertan Urrezko Domina emango diete Nafarroako osasun arloko langileei eta arreta soziosanitarioan lan egiten dutenei.

  • 2019ko ekitaldi instituzionalaren une bat.

    2019ko ekitaldi instituzionalaren une bat. Argazkia EFE

Nafarroako Gobernuak COVID-19aren egoera orokorrera egokitu du abenduaren 3rako, Nafarroaren Egunerako, prestatutako ekitaldien programa. Nabarmentzekoak dira hainbat herritan edukiera mugatuko zuzeneko musika ekitaldiak antolatuko direla eta herritarrekin Internet bidez konektatzeko aukera egongo dela.

Programazioa gaur aurkeztu dute, eta lau ekitaldi nagusi ditu: ekitaldi instituzionala, musika eskaintza, Nafarroako Jauregiari egindako bisita birtualak, eta Nafarroako diasporarekin egindako konexioak.

Ekitaldi instituzionala Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan egingo dute, oraingo honetan edukiera mugatuarekin. Maria Chivite Nafarroako presidenteak Urrezko Domina emango dio osasun arloko langileen eta arreta soziosanitarioan lan egiten dutenen ordezkaritza bati.

Nafarroaren Egunaren Kontzertuari dagokionez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Orfeoiak eskainiko dute, hurrenez hurren Jose Miguel Perez-Sierra eta Igor Ijurrak zuzenduak. Sofia Esparza (sopranoa), Maite Beaumont (mezzosopranoa), Jose Luis Sola (tenorra) eta Simon Orfila (baxu-baritonoa) ere izango dira taula gainean. Kontzertua Baluarten izango da, 19:30ean, baina publikorik gabe egingo dute (Nafarroako Telebistak zuzenean eskainiko du). 

Horrez gain, azaroaren 28tik abenduaren 8ra bitarte (19:00etan hasita) kontzertu sorta egingo dute Nafarroako bederatzi udalerritan.