Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Sagardui: "Beherako joeran sartu gara, baina ezin da guardia jaitsi"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Osasun sailburuak esan du "arinegi" dela neurri murriztaileak kentzeko eta ohartarazi du datuak hobeak izan arren, egoera larria dela oraindik ere.

1:12
Gotzone Sagardui. Argazkia: EFE

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan "kutsatze kopurua beherako joeran sartu da". Hala ere, osasun egoerak larria izaten jarraitzen duela ohartarazi du eta guardia ez jaisteko deia egin du.

Sagarduik agerraldia egin du Legebiltzarrean pandemiaren bilakaerari buruzko datuak emateko. Kasu positiboen tasa % 7ra jaitsi da, baina astebetean 83 pertsona hil dira koronabirusarekin, duela bi aste baino 10 gehiago, hain zuzen ere.

Sailburuaren ustez, hobekuntza honek erakusten du Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri murriztaileak –ostalaritzaren itxiera, etxeratze-agindua eta harreman sozialen murrizketa- eraginkorrak izaten ari direla. Edonola ere, azpimarratu du oraindik "arinegi" dela kutsatze kopuruak beherako joerari eutsiko dion ala ez jakiteko.

Ildo berean, Sagarduik esan du Gabonak nolakoak izango diren aurreikusteko goizegi dela, hiru astetan gauzak asko aldatu daitezkeelako. "Beste erkidegoetan zer egiten duten ere ikusi behar dugu, egun horietan mugikortasun handia izaten baita", erantsi du.  

Bestalde, erkidegoetako Osasun sailburuek Espainiako Gobernuarekin astero egiten duten bileran, alarma egoeraren dekretua alda dezala eskatuko dio enegarrenez Eusko Jaurlaritzak, etxeratze-agindua aurreratzeko asmoz eta etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko, beharrezkoa izango balitz.  

Halaber, neurri murriztaileak kentzeko arinegi dela aldarrikatuko dute, "datuak hobera egin arren, gaizki gaudelako". "Ezin da guardia jaitsi eta neurriak denboran mantendu behar ditugu", azpimarratu du.