Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertoak % 95eko eraginkortasuna duela eta segurua dela esan du orain Pfizerrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Adina, arraza eta etnia gorabehera, eraginkortasun bera izan du txertoak kasu guztietan. 65 urtetik gorakoetan ere, % 94tik gorakoa izan da eraginkortasuna", zehaztu dute Pfizerrek eta BioNTechek.

  • Txertoak % 95eko eraginkortasuna duela eta segurua dela esan du orain Pfizerrek

    Txertoa. Argazkia: EFE

Saiakuntzaren hirugarren faseko azken azterketara helduta, Pfizerrek eta BioNTechek ondorioztatu dute COVID-19aren kontrako txertoak % 95eko eraginkortasuna duela, eta ez duela segurtasun arazo larririk sortu.

Koronabirusarekin kutsatutako 170 kasu atzeman ditu aipatutako konpainiak entseguetan parte hartu zuten boluntarioen artean. Infekzio horietatik 162, baina, plazeboa jaso zuten gaixoetan diagnostikatu dituzte. Gainerako zortzi boluntarioek txerto arrunta hartu zuten. Horrek esan nahi du % 95ekoa dela eraginkortasun maila, iragan astean % 90ekoa dela iragarri bazuten ere.

"Adina, arraza eta etnia gorabehera, eraginkortasun bera izan du txertoak kasu guztietan. 65 urtetik gorakoetan ere, % 94tik gorakoa izan da eraginkortasuna", zehaztu dute Pfizerrek eta BioNTechek gaur argitaratu eta CNNk zabaldu duen ohar batean.

Gainera, erantsi dute txertoaren segurtasunari buruzko nahikoa datu dituztela, eta Botiken AEBko Agentziaren baimenaren zain daudela.

Uztailaren 27an hasi zuten hirugarren faseko saiakuntza klinikoa, eta Pfizerrek orduan esan zuen 43.661 boluntariotik 41.135ek jaso zutela bigarren dosia edo plazeboa. Botiken AEBko Agentziak, bestalde, jakinarazi zuen txertoaren emaitzak ezagutzeko gutxienez bi hilabete itxaron behar zituztela.

Horregatik, adituen arabera, abendura arte ez da txertorik egongo. Halere, enpresek aurreikusi dute 2020an mundu mailan 50 milioi dosi ekoiztea, eta 2021ean 1.300 dosi.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.