Gizartea
Koronabirusa
Abenduaren 18ra arte luzatu dute konfinamendu perimetrala Nafarroan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei pertsonatik gorako bileren debekuak indarrean jarraituko du ordura arte. Bestalde, taberna eta jatetxeak abenduaren 2ra arte egongo dira itxita.
Foru Gobernuak erabakita, abenduaren 18ra arte luzatu dute konfinamendu perimetrala Nafarroan, baita toki publikoetan sei pertsonatik gorako bilerak egiteko debekua ere. Esparru pribatuan, berriz, bizikideekin soilik elkartu ahalko dira nafarrak. Horrekin batera, alarma egoerak indarrean jarraitzen duen bitartean, ez dute etxeratze agindua kentzeko asmorik. Horrenbestez, gaueko ekitaldiak ere galarazita egongo dira ordura arte.
Ostalaritzari dagokionez, gutxienez abenduaren 2ra arte egongo dira itxita taberna eta jatetxeak. Dena den, baliteke terrazak azaroaren 26tik aurrera irekitzea, betiere, COVID-19aren pandemiaren bilakaerak okerrera egiten ez badu.
Horiek dira, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak astelehen honetan iragarritako xehetasunak. Prentsaurrekoan, Javier Remirez lehen presidenteordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak hartu dute parte.
Indurainen esanetan, "egoera ez da aldatu asteazkeneko agerralditik, hots, bide onetik goaz; kutsatzeak behera egiten ari dira, baina osasun sisteman tentsioa dago oraindik ere".
Gainera, adierazi du kutsatze maila oso altua dela Espainiako estatuko edo Europako datuekin alderatuta. Izan ere, 100.000 biztanleko 751 kasuko tasa zeukan Nafarroak ostiralean (azken 14 egunetako datuak kontuan hartuta). Estatuko batezbestekoa, berriz, 498 kasukoa da, eta "250 kasutik gorako tasa oso arriskutsutzat hartzen da".
Halere, Santos Indurain itxaropentsu agertu da, ospitaleetan eta lehen arretan egoerak hobera egingo duelakoan, eta mezu argia bidali die herritarrei: "Ezin gara lasaitu".
Zortzi hildako eta 58 pertsona ZIUn
Gaur egun, 58 pertsona daude Nafarroako zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 331 lagun ospitaletako logela arruntetan. Indurainen hitzetan, "datuei erreparatzearekin nahikoa da zein egoeratan gauden jakiteko".
Indurainek gaur jakinarazi duenez, azken egunetan zortzi pertsona hil dira COVID-19ak jota Nafarroan (lau igandean eta beste lau aurreko egunetan).
Kontseilariak argi utzi du herritarren konpromisoak ondorioak dituela, eta ahaleginak merezi duela: "Oraindik bide luzea dugu aurretik, eta ezin dugu harri berarekin estropezu egin".
Ildo horretan, Santos Indurainek adierazi du "data garrantzitsuak datozela aurki, besteak beste, Gabonak, eta aurretik egindako akatsetatik ikasi beharra daukagula etorkizunari zuhurtziaz eta pazientziaz begiratzeko, tunelaren amaieran argia ikusten has gaitezen". "Gertatutakotik ikasi behar dugu, 2021ean hirugarren olatu bati aurre egin nahi ez badiogu. Gure asmoa da COVID-19a agertu zenetik urtebete betetzen denean, otsailean, egunero kutsatzeei eta ospitaleetako egoerari begira ibili behar ez izatea", esan du. "Gutxigatik ez diogu berriro etxeko konfinamendu bati aurre egin behar izan", erantsi du.
Horrela, Santos Indurainek azpimarratu du neurri murriztaileak "pixkanaka eta modu mailakatuan" malgutuko dituztela: "Bide onetik bagoaz, posible izango da neurriak aldatzea".
Hala eta guztiz ere, kontseilariak garbi dauka osasun irizpidea lehenetsiko dutela erabakiak hartzerakoan. Horretarako, baina, beharrezkotzat jo du kaltetutako sektoreen "parte hartzea", dela ostalariena, dela kirol edo kultura arloko profesionalena.
Bukatzeko, Indurainek argitu du zergatik ari diren azken egunetan proba gutxiago egiten: "Kasu gutxiago daude eta, beraz, harreman gutxiago; horrenbestez proba kopuruak ere behera egin du".