Gizartea
Abusuak adingabeei
Umea zela, apaiz batek abusuak egin zizkiola jakinarazi du Ernesto Gasco sozialistak
agentziak | Erredakzioa
Ikasten zuen eskola erlijiosoan abusuak pairatu zituela kontatu du, lehen aldiz, politikari donostiarrak. Bere egoeran egon daitezkeen umeei lagundu nahi die. "Nik ez nuen salatu, ezta kontatu ere".
Ernesto Gasco Donostiako alkategai eta PSE-EEko zinegotzi ohiak umetan sexu abusuak egin zizkiotela ezagutarazi du. Ikasten zuen Donostiako eskola erlijioso bateko apaiz batek egin zizkion, baina ez du izenik aipatu. Salaketaren berri izan ostean, ikastetxeak esan du gertatutakoa ikertzeko prest dagoela.
Gasco Espainiako Gobernuko Haur Pobreziaren kontrako Goi Ordezkaritzan dago gaur egun, eta EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu publiko jasandako abusuak. 50 urtean isilpean gorde du pairatutakoa.
"Lehen aldia da kontatzen dudana, ez dut inoiz egin. Oso txikia nintzen, garaiko EGBko lehen mailan edo egongo nintzen, zortzi edo bederatzi urte izango nituen. Adin horrekin oso zaila da zerbait ondo edo txarto dagoen jakitea, oso zaila da salatzea, nora jo ere ez dakizu", azaldu du.
Ostiralean Haurraren Nazioarteko Eguna da, eta abusuak kontatzearen bidez, bere egoera berean egon daitezkeenei lagundu nahi die Gascok: "Adingabeei esan nahi diet ez izateko beldurrik, salatzeko. Pertsona heldu batek eurekin jolastu nahi duenean ezin da denera jolastu".
"Nik ez nuen salatu bere garaian, kontatu ere ez nuen egin. Orain ari naiz jakinarazten. 57 urte ditut, 50 urte igaro dira. Niri gertatutakoa jada ez da delitua, ezta lege berriarekin ere (preskribatuta legoke), baina salatzearen garrantzia nabarmendu nahi dut. Nire aukera bizitzatik baztertzea izan zen, gertatu izan ez balitz bezala jokatzea, horrela egin nuen aurrera. Kargu garrantzitsua daukat, eta armairutik atera nintzenean bezala, uste dut nire adierazpen publiko honek txarto pasatzen ari diren horiei lagun diezaiekeela", azpimarratu du politikariak.
Homosexuala zela jakinarazi zuen lehen politikarietakoa izan zen Gasco. 2003an, Eusko Legebiltzarreko Izatezko Bikotekideen Legea indarrean sartu eta hilabete gutxira, bere bikote harremana legezko egin zuen, eta 2005ean, homosexualen arteko ezkontzak baimendu zirenean, ezkondu egin zen.
Abusuen delituak ez dira preskribatuko
Buruzagi sozialistak azaldu duenez, haurtzaroa eta nerabezaroa indarkeriaz babesteko legea izapidetzen ari dira Kongresuan. Lege horren arabera, adingabeei egindako abusuen delitu larrienak preskribatzeko epea biktimak 30 urte dituenean hasiko da.
Gaur egun, biktima adinez nagusia denean hasten da epe hori. Hortaz, hainbat delitu ez dira zigortzen, biktimek urteak behar dituztelako pairatutakoa onartzeko eta salatzeko.
"Oso lege garrantzitsua da, umeek izango dutelako nora jo salatzeko", azpimarratu du Gascok.
Elizaren papera
Horren ustez, "txikia zarenean, ez dakizu zer dagoen ondo eta zer txarto; gainera, batzuetan, zuretzat agintari moral bat denak egiten dizkizu abusuak: zu eskola erlijioso batean zaude, lehen jaunartzea egiten duzu...".
Horren ildoan, pozik agertu da "Vatikanoak bere etxea garbitzeko hartu duen erabakiarekin". Frantzisko aita santuak Theodore McCarrick Washingtongo artzapezpikuaren inguruan agindutako ikerketaz ari da Gasco. McCarricki artzapezpiku kargua kendu berri diote hainbat biktimari egindako abusuengatik. Ikerketa horren arabera, Joan Pablo II.ak eta Benedikto XVI.ak ezikusiarena egiten zuten artzapezpiku horren kontra zeuden zurrumurru eta salaketen aurrean.
Ikastetxea, gertatutakoa ikertzeko prest
Gascoren salaketaren berri izan ostean, Jesusen Bihotza Mundaiz Donostiako kristau eskolako zuzendaritzak iragarri du ez zuela abusuen berri, baina horiek ezagututa, "prest" dagoela, "igaro den denbora gorabehera, gertatutakoa ikertzeko, betiere posible deneraino".
EFE albiste agentziari Javier Marquinez ikastetxeko zuzendaritza taldeko kideak adierazi dionez, "horrelako gertakari bat jazotzen den bakoitzean, derrigortuta gaude Fiskaltzaren eta Ertzaintzaren esku uztera, iker dezaten. Kasu honetan ezer gutxi egin ahal izan dugu, ez baikenekien ezer".