Itxi

Gizartea

Migrazio krisia

Beste ontzi bat hondoratu zen ostegunean Libia parean, eta guztira 94 dira hildakoak

agentziak | erredakzioa

20 pertsona hil ziren Libiatik Europara bidean zihoazenean, aurretik beste ontzi bat hondoratu eta 74 pertsona hil ostean.

  • Ostegunean hildako migratzaileak, Libiako hondartza batean. Argazkia: Efe

    Ostegunean hildako migratzaileak, Libiako hondartza batean. Argazkia: Efe

Gutxienez 20 pertsona hil ziren ostegunean Libiatik Europara bidean zihoan ontzi bat hondoratu zenean, Nazioarteko Migrazioen Erakundeak (IOM) jakinarazi duenez.

Tragedia horrekin, 94 dira atzo itsasoko inguru horretan hil zirenak, aurretik beste ontzi bat hondoratu baitzen. Lehenengo ezbehar horretan 74 pertsona ito ziren, Al Khoms hiritik, Tripolitik 50 kilometrora, 121 bidaiarirekin abiatu eta gero.

47 migratzaile gehiago erreskatatu zituen arrantzontzi batek, eta lehorrera eraman zituen. Libiako kostazainek, berriz, 31 hilotz aurkitu eta eraman zituzten hondartzara gaua egin baino lehenago.

"Gorpuak lurrera ekartzen jarraitu dute", azaldu du Safa Msehli IOMren bozeramaileak.

"GKEk egiten dituzten hil ala biziko erreskate lanei jartzen dizkieten oztopoak kendu egin behar dira berehala, eta egiten dutena bizitzak salbatzea dela aitortu beharra dago", gaineratu du.

Hau da Libiako kostan izan den laugarren hondoratzea astebetean, 2011n NATOk lagunduta, Muamar al Gadafiren gobernua bota zutenetik gerran eta kaosean murgilduta dagoen herrialdean.

Asteartean, gutxienez 13 pertsona desagertu ziren nazioarteko uretan, Libiako hiriburutik gertu dagoen hondartza batetik txalupa batean abiatu ondoren.

Asteazkenean, berriz, sei migratzaile hil ziren ontzia irauli zenean, Libiako kostan lan egiten duten mafiei mila euro inguru ordainduta.

11.000 pertsona baino gehiago, tartean 638 adingabe, atzeman eta itzuli dituzte Libiara aurten, eta 236 itsasoan hil dira, eta beste 360 desagertu.

Urri hasieratik, 1.900 pertsona inguru atzeman dituzte, eta Libiara itzuli, eta 800ek lortu dute Italiara iristea.