Itxi

Gizartea

EHU

Nekane Balluerkak "oso positibotzat" jo du bere agintaldia

EiTB.EUS

"Argi dago oraindik ere erronkak dituela aurretik Euskal Herriko Unibertsitateak, baina uste dut azken lau urteotan urrats garrantzitsuak eman ditugula", nabarmendu du EHUko errektoreak.

1:10
Eva Ferreira eta Nekane Balluerka. Argazkia: EFE.

EHUko klaustroaren ohiko bilera egin dute ostegun honetan, eta Nekane Balluerka errektoreak 2019-2020 ikasturteko Kudeaketa Txostena aurkeztu du bertan. Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako neurriak betez, ekitaldian ohi baino jende gutxiago bildu da. Halere, streaming bidez hartu dute parte EHUra joateko aukerarik izan ez dutenek.

Klaustroan, Balluerkak iazko ikasturtearen nondik norakoak errepasatu ditu, eta ondoren bere agintaldiaren (2017-2020) balantzea egin du.

"Iruditzen zait lau urteotako balantzea oso positiboa izan dela. Hainbat lorpen izan ditugu, besteak beste, epe laburrean Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatearen eraikina eraikitzeko konpromisoa, Shangaiko rankingaren arabera, munduko 400 unibertsitate onenen artean sailkatzea eta, Enlightekin batera, maila handiko Europako unibertsitateen batzordea eratzea. Argi dago oraindik ere erronkak dituela aurretik Euskal Herriko Unibertsitateak, baina uste dut azken lau urteotan urrats garrantzitsuak eman ditugula", adierazi du.

Halaber, pandemiak aurten eragin dituen zailtasunak izan ditu mintzagai: "Gure unibertsitateak egoera horri aurre egin dio, eta meritua guztiona izan da. Salbuespenak salbuespen, unibertsitatea osatzen dugun talde osoak eman dio aurpegia erakunde honek bizi izan duen krisi latzenari. Horregatik, harro nago, sekulako esfortzua egin dugulako. Eta harrotasun horri, nire kasuan, unibertsitatean goi kargu bat betetzearen ohorea gehitu behar diot, bide horretan ahalegin handia egin behar izan dudalako, baina aldi berean ikasteko eta ilusioz betetzeko balio izan didalako".