Gizartea
Marta del Castilloren epaiketa
Miguel Carcañok eta Samuel Benitezek elkarri leporatu diote hilketa
Erredakzioa
Marta del Castilloren hilketa bere gain hartu duen Carcañok epaiketaren laugarren egunean azaldu duenez, Benitez izan zen neskaren gorpua eraman zuena.
Miguel Carcañok eta Samuel Benitez ustezko gaizkideak Marta del Castilloren hilketa elkarri leporatu diote astelehen honetan izandako epaiketaren laugarren egunean, aurrez aurre zeudela.
Benitezek neskaren gorpua eraman zuela berretsi du Carcañok eta horrek kokalekua esan behar duela azpimarratu du, hura kalean aske dagoelako eta bitartean, bera, espetxean.
Samuel Benitezek neskaren gorpua leku batetik bestera eraman izana ukatu du. Honen aburuz, "akusazio faltsuengatik odolak zainetan irakiten nau; hemen frogarik gabe norbait auzipetzea oso erraza da".
"Etsita eta gaizki tratatuak"
Gaur, epaiketaren laugarren egunean, Marta del Castilloren gurasoek eta lagunek deklaratu dute. Gurasoek auzitegiko kideei esan dietenez, gaztea aurkitzeagatik "etsita" daude eta, gainera, auzipetuek eskainitako bertsio desberdinengatik "gaizki tratatuak" sentitu dira.
Del Castillok familiaren sufrimenduaren berri eman du. Carcañoren atxiloketak agoniari amaiera emango ziola uste zuten baina, ondoren, atxilotuak "bertsio desberdinak eskaintzen hasi ziren eta desengainu handia hartu genuen Poliziari eta gizarte osoari iruzur egiten ikusteagatik".
Eva Casanueva Martaren amak azaldu duenez, gazteak hilabete eta erdiko amodiozko harremana izan zuen Carcañorekin baina mutila ez zitzaion gustatu, "nire alaba triste samar eta amorru bizian zetorrelako etxera".