Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Osakidetzak bertan behera utzi ditu premiazkoak ez diren ebakuntzak

Agentziak | Erredakzioa

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du zaintza intentsiboetako unitateetan gero eta paziente gehiago dagoela: 287 ohetatik 252 daude okupatuta.

1:25
Gotzone Sagardui. Argazkia: EFE

Kutsatze kopuruak goraka egin duen heinean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan presioa gero eta handiagoa dela berretsi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Testuinguru horretan, Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera utzi ditu eta zainketa intentsiboetako unitateetan ohe gehiago jarri ditu, kontingentzia planaren hirugarren mailara igarota.

Sagarduik agerraldia egin du Eusko Legebiltzarren Osasun Batzordean pandemiaren bilakaerari eta Jaurlaritzak joan den astean hartutako neurri murriztaile berriei buruzko azalpenak emateko.

Sailburuak aitortu du egoerak "kezkagarria" izan jarraitzen duela; izan ere, atzo, 1.401 kasu gehiago detektatu zituzten eta positiboen tasa % 7,8koa da.

Nolanahi ere, "eta gehiegizko baikortasunari uko eginez", Sagarduik esan du pandemiaren bigarren olatua "mailarik gorenenera" iristear egon daitekeela eta, beraz, kutsatzeen kopuruak laster beherako joera hartuko duela espero dutela.

Etxeko konfinamendua

Bestalde, Sagarduik aurreratu du Estatuko lurraldeen arteko osasun batzordean joan den asteko eskariak berriro egingo dituela: etxeko konfinamendua ezartzeko aukera autonomien esku uztea eta gaueko jarduera murrizteko ordutegia aldatzea posible den argitzea.  

Etxeko konfinamenduaren harira, sailburuak berretsi egin du Jaurlaritzarentzat azken aukera dela eta erabaki hori hartu behar ez izatea espero dutela, baina badaezpada eskumen hori bere gain hartu nahi dutela.

Etxeratze aginduari dagokionez, egun pertsonen zirkulazioa debekatuta dago 22:00etatik 06:00etara bitartean. Alarma egoera ezartzeko dekretuak ordutegi hori nahieran aldatzea aurreikusten duen jakin nahi du Jaurlaritzak. Joan den asteko bileran egin zuen galdera Sagarduik, baina oraingoz ez dute Espainiako Gobernuaren erantzunik jaso.

"Instrumentu legal guztiak eskura izan nahi ditugu, erabaki horiek hartu behar izanez gero, ahalik eta arinen egiteko, egunak igaro barik", erantsi du.

Gero eta paziente gehiago ZIUn

Bestalde, zaintza intentsiboetako unitateetako kontingentzia planaren hirugarren mailara –lau fase ditu guztira- igaro direla jakinarazi du.

Koronabirusak eragindako kutsatzeak goraka doazen heinean, gero eta paziente gehiago daude ospitale ezberdinetako zaintza intentsiboetako unitateetan: 287 ohetatik 252 daude okupatuta. Paziente horietatik 133 daude koronabirusak jota.

Gauzak horrela, kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu dute, hau da, premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratu egingo dituzte eta 45 ohe gehiago jarriko dituzte zaintza intentsiboetako unitateetan.

Pfizer eta Biontech konpainiek iragarritako txertoari dagokionez, "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin du Sagarduik, tratamendu berri bat herritarren eskura jarri aurretik ibilbide luzea egin beharra dagoela ohartarazita.

Edonola ere, dena ondo badoa, Euskal Autonomia Erkidegoak koronabirusaren aurkako txertoaren dosiak jasoko dituela ziurtatu du eta Osakidetza dagoeneko balizko txertoa jartzeko prestaketa lanetan ari dela gaineratu du.