Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Sputnik V txerto errusiarrak % 92ko eraginkortasuna dauka, lehen emaitzen arabera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

16.000 boluntariok hartu dute parte ikerketan, eta txertoaren bi dosietako lehena hartu eta 21 egunera lortu dute emaitza.

  • Sputnik V txerto errusiarra

    Sputnik V txerto errusiarra. Argazkia: EFE

COVID-19aren aurkako Sputnik V txerto errusiarra eraginkorra da kasuen % 92an, Gamaleva zentroak eta Errusiako Inbertsio Zuzenen Funtsak gaur argitaratutako proben lehen emaitzen arabera.

"Behin-behineko datuen lehen analisiek erakutsi dute proben hirugarren fasean txertoak % 92ko eraginkortasuna duela", esan dute txertoaren sortzaileek eta Inbertsio Zuzenen Funtsak.

Asteazken honetan argitaratu duten oharraren arabera, 16.000 boluntariok hartu dute parte ikerketan, eta txertoaren bi dosietako lehena hartu eta 21 egunera lortu dute emaitza. 

"COVID-19arekin kutsatutako 20 gaixok hartu zuten parte ikerketan, eta txertatuak izan zirenen eta plazeboa hartu zutenen artean txertoak % 92ko eraginkortasuna izan zuen", azaldu dute oharrean.

Gaur-gaurkoz, Errusiako 29 osasun zentrotan, 20.000 boluntariok hartu dute txertoaren lehen dosia, eta 16.000 inguruk bigarrena ere jaso dute.

"Ikerketan ez da aurreikusi gabeko albo-ondoriorik izan. Hau da, txertatutako boluntarioetako batzuek mina sentitu zuten txertoa jarri zitzaien lekuan, beste zenbaitek gripearen sintomak izan zituzten, hots, sukarra, ahuldadea, nekea eta buruko mina, besterik ez", gaineratu dute oharrean.

Dena den, oraindik sei hilabetez behaketan egongo dira parte-hartzaileak, eta orduantxe argitaratuko dituzte behin-betiko emaitzak.

Bestalde, bigarren ikerketa batean aztertuko dute txertoa zenbateraino den segurua eta adineko pertsonetan zein eraginkortasun duen.