Gizartea
Epaiketaren laugarren saioa
Martaren gurasoak 'etsita eta gaizki tratatuta' sentitzen dira
Erredakzioa
Gurasoek epaiketaren 4. egunean azpimarratu dutenez, gaztea aurkitzeko lanekin "etsita" daude. Gainera, auzipetuek, bertsio desberdinak emanda, "tratu txar psikologikoak" eman dizkietela esan dute.
-
Martaren gurasoak, auzitegira heltzean. Argazkia: EFE
Del Castillo familiak bere sufrimenduaren berri eman du. Carcañoren atxiloketak “agoniari” amaiera emango ziola uste zuten, baina, ondoren, atxilotuak "bertsio desberdinak eskaintzen hasi ziren eta desengainu handia hartu genuen Poliziari eta gizarte osoari iruzur egiten ikusteagatik".
Eva Casanueva Martaren amak azaldu duenez, gazteak hilabete eta erdiko maitasun harremana izan zuen Carcañorekin, baina mutila ez zitzaion gustatu, "alaba triste samar eta amorru bizian etortzen baitzen etxera".
Halaber, Marta del Castilloren familiak Miguel Carcañoren, neska hil zuela aitortu duen gizonaren, eta Samuel Benitezen arteko aurrez aurrekoa egiteko eskatu du. Gainera, prozesua baliogabetzea exijitu du, prozesu berean bi epaiketa egin baitituzte: batetik Cuco adingabea epaitu dute, eta beste epaiketa batean helduak epaitzen ari dira. Joan den astean, Cuco bortxaketa eta hilketa delituetatik errugabetu zutela eta heriotza estaltzeko delituagatik bakarrik zigortu dutela jakin zen.
Epaiketaren laugarren egunean Martaren gurasoek eta osaba batek deklaratu dute. Antonio del Castillo Martaren aitak auzitegira sartu baino lehen azpimarratu duenez, "egia entzungo dugun lehenengo eguna izango da gaurkoa", joan den astean lau akusatuek esandakoa "gezurra besterik ez delako izan".
Jose Antonio Casanueva Martaren aitonak Camas Sevillako herrian neskaren gorpua bilatzeari ekingo dio berriro. Horren aurrean, "itxaropen ustelik egin" nahi ez duela nabarmendu du Martaren aitak.
Eva Casanueva amaren aburuz, "zerbait aurkitu dutela ziur esan arte, ez dut lau haizeetara zabaldu nahi; hainbeste kolpe jaso ditugu, nahiago dugu ezkor izan". "Egun hauetan lasai egon naiz etxean gordeta, gaurko egunari indarrez aurre egiteko", azaldu du.
Samuel Benitez, Francisco Javier Delgado eta Maria Garcia hiru akusatuak 08:00etan heldu dira Sevillako Auzitegira. Carcaño, berriz, 10:00etan iritsi da Guardia Zibileko furgoi batean.