Itxi

Gizartea

Radio Euskadi

Ostalaritza "babesik gabe uztea" leporatu dio oposizioak Jaurlaritzari

Agentziak | Erredakzioa

EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP+Cs eta Voxen arabera, neurri murriztaileak ezarri eta berehala ekonomikoak etorri behar ziren. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako "erresistentzia plana" defendatu dute.

  • 'Parlamento en las Ondas'.

    'Parlamento en las Ondas'. Argazkia: EiTB

EAEko legebiltzarkideek pandemiaren eta taberna eta jatetxeen itxieraz hitz egin dute Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan.

Oposizioko alderdiek Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzak kritikatu dituzte, "nahikoak ez" direlakoan. Exekutiboa osatzen duten alderdiek aurkeztutako "erresistentzia planaren" eraginkortasuna defendatu dute eta ostalariak ez dituztela "babesik gabe" utzi esan dute.

EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkidearen arebera, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari eskainitako dirulaguntzak "ez dira nahikoak" eta "ez dira heltzen". "Norbait besorik gabe etorri eta tirita bat ematea bezala da", ohartarazi du.

Gogorarazi duenez, ostalaritza sektoreak "umiliagarritzat" hartu du Exekutiboak emandako tratua, eta esan du gaurko egunez "dagoen laguntza bakarra kredituak" direla, ez dagoela "zuzeneko laguntzarik".

Gainera, esan du egungo egoera aurreikusi zitekeela, eta uste du "akats larria" izan dela aurretik neurriak ez hartzea; beraz, "Eusko Jaurlaritza berandu heldu da".

"Sektoreko 65.000 pertsona etxera bidali dira, langileek lan erregulazioko espedientea izango dute eta besteek ez dute laguntzarik izango, eta hori ez zen aurreikusten zaila", gehitu du.

Esan duenez, ostalaritzak "plan bat behar du" eta Jaurlaritzak ez ditu sektorearen benetako beharrak ezagutzen, "aurreikusi zitekeen egoera bat izan den arren". "Irailetik gabiltza neurri murriztaileekin batera neurri ekonomikoak berehala hartzeko beharraz hitz egiten", esan du Casanovak.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek pandemiaren kontra hartu beharreko neurriekin batera "herritarrak ez txirotzeko neurri sendoak" ere hartzea eskatu du, "eta hor Jaurlaritza huts egiten ari da".

"Zorraz eta erreforma fiskalaz hitz egin behar dugu, aspalditik eskatzen duguna. Neurri ekonomikoak galdegiten direnean, Ekonomia eta Ogasun sailetik beti erantzuten dute "diru gehiegi" eskatzen dela. Bere ustez, "ostalaritzari laguntzeko milioiak eta milioiak egon diren arren, 600 bat euro egokitzen zaizkio negozio bakoitzari, eta hori ez da nahikoa".

Zehaztu duenez, "ez da soilik ostalaritza, itxierarekin kolpe handia izango duten hornitzaileak daude, baita kulturaren sektorea ere".

Gainera, gogorarazi du Urkulluk hauteskundeak uztailean deitu zituela "neguan bigarren olatuan egongo ginela" zekielako. Ostalaritza itxi beharko zutela aurreikusi bazuten, "nolatan ez da egon sektore horrentzako eta inguruko sektoreentzako aurreikuspenik?", galdetu du.

Gainera, "establezimendu mota honetan edo beste lekuetan ematen den transmisioa" ezagutzeko txostenak eskatu ditu, eta deitoratu du garraioan "oso gertu goazela, soinez soin". "Birusaren transmisioa gelditu nahi badugu, arazo ekonomikorik ez duen jendea behar dugu, eta horretan, kale", gehitu du.

PP+Cs koalizioko Carmelo Barriok ohartarazi duenez, "zerbait huts egiten ari da", lehendakariak "neurri murriztaileak iragarri dituelako, baina ez duelako ezer esan laguntzeko neurrien inguruan, eta horiek aldi berean iragarri behar dira". Deitoratu duenez, ostalaritza elkarteekin elkarrizketak "ez du funtzionatzen", eta horrek manifestazioak deitzea eragin du, "desesperatuta daudelako".

"Kaltetuek zuzeneko dirulaguntzak eskatzen dituzte", gogorarazi duenez, eta nabarmendu du "Eusko Jaurlaritzak konfiantza eta ziurtasuna eskaini behar dituela, eta ez du egiten". "Kantitate bat eskatu dute elkarteek, eta hori ikertu egin behar da, haiekin hitz eginez", gehitu du.

Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezek "berehalako" dirulaguntza zuzenak eskatu ditu, "hilabete honetan ere jan behar dutelako".

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ixteko erabakia hartzeko oinarri zientifikoaren inguruan galdetu du. Esan duenez, "Madrilen egoera hobetu da eta ez dira tabernak itxi, eta Katalunian tabernak itxi dira eta ez da egoera hobetu".

Gobernuko alderdiak

EAJko Leixuri Arrizabalagak, bestalde, "kudeatzeko zaila den egoera batean, guztientzat ona dena eta gutxi batzuentzat txarra denaren arteko oreka" bilatu behar dela esan du.

Azaldu duenez, transmisio komunitarioaren eta ospitaleetan izaten ari den eraginaren ondorio bezala hartu dira neurriak. Zentzu horretan, transmisioa gelditzeko beharra azpimarratu du Arrizabalagak.

"Gogorrak diren neurriak hartzeko momentua zen", esan du. Hala ere, ostalaritza ez da daukagun egoeraren "erruduna", eta "ez da estigmatizatu behar", baina "kontaktu soziala egoteko arrisku handiena" suposatzen duen tokia da.

Gainera, Exekutiboak aurkeztutako "erresistentzia plana" nabarmendu du, 45 milioi eurokoa. "15 milioi estra ditu, eta mahai gainean egoera berriari aurre egiteko neurri berriak jarri behar dira", esan du. "Ostalarien elkarteen eskakizun horiei erantzun behar zaie, modu eraginkorrean eta koordinatuan", gehitu du.

PSE-EEko Eneko Anduezak, bestalde, tabernen itxierak dakarren larritasuna ulertzen duela esan du, baina azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak "neurriak eta erremintak mahai gainean jarri dituela".

"Ezin da esan itxiera ezarri dela, besterik gabe, ezer egin gabe. 45 milioiko erresistentzia plan bat dago. 30 ezohiko laguntzetara zuzenduta daude, 8 milioi egoera berrira egokitutako ohiko laguntzak dira, eta 5,7 milioi kontsumorako bonoak", esan du.

Horregatik, ezin da esan ostalariak "babesik gabe utzi" direla, eta esan du hasierako 45 milioi horiei beste 15 milioi gehitzea aurreikusita dagoela, "baita laguntza gehiago ere".

"Zaila da, eta ulertzen dut administrazioa astiro joateagatik kexatzea, baina 45 milioi eurori buruz ari gara", esan du.

Sektorearen eskakizunen inguruan, Anduezak esan du sailburuak "etengabeko" bilerak izan dituela ostalarien elkarteekin, eta "konponbideak eta adostasun puntuak" bilatzen ari direla. "Sektore guztietan, batek ere ez du lortzen eskatzen denaren ehuneko ehuna", esan du.