Gizartea
Koronabuloak
Ez, Urkulluk ez du esan asteazkenean konfinamendua ezarriko duela
eitb.eus
Sare sozialen bidez zabaltzen ari den irudi batean ikusten dena ez da egia, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du "etxeko konfinamendua azkeneko aukera" dela.
-
Sarean zabaldu den gezurrezko albistea. Argazkia: EiTB
Ez Iñigo Urkullu lehendakariak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez dute esan asteazkenean herritarrak konfinatuko dituztenik. Kontrakoa baizik, adierazi dute "azkeneko aukera" dela hori.
eitb.eus-en erredakzioan neurri hori, oraingoz bederen, baztertzen duten informazioak jaso ditugu.
Hala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berretsi egin du osasun egoera "larria" dela eta kutsatze kopuruak gorako joerari eusten diola, "abiadura moteldu bada ere".
Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak agerraldia egin du arratsaldean, COVID-19aren pandemiaren eraginari buruzko datuak emateko.
Etxeko konfinamenduaz galdetuta, Garitanok esan du oraingoz ez dutela horrelako erabakirik hartu eta, edonola ere, neurri hori "azken aukera" izango litzatekeela zehaztu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, goizean jakinarazi du Jaurlaritzak asteazkenean edo ostegunean egingo duela bilera neurriak zorroztu ala ez erabakitzeko, eta aukera guztiak mahai gainean izango direla onartu du.
"Egoera oso kezkagarria da, baina osasuna eta ekonomia bermatzeko oreka bilatuz aztertuko dugu gaia”, azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Hori bai, ohartarazi du "dena mahai gainean" dagoela.
Alabaina, Salvador Illa Osasun ministroak aukera horri indarra kendu dio eta berretsi egin du Espainiako Gobernuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten. "Une honetan ez dugu horrelakorik aurreikusten eta ez gara aukera hori lantzen ari", azpimarratu du.
Ikuspuntu juridikoari dagokionez, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak esan du alarma egoera ezartzeko onartu zuten urriaren 25eko Errege-dekretuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten eta, beraz, neurri hori egun hartu ezingo litzatekeela ziurtatu du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Biurrunek zehaztu du dekretu berri bat argitaratzea edo urriaren 25eko berritzea ezinbestekoa izango litzatekeela etxeko konfinamendua agindu ahal izateko.
EiTBk, #Koronabuloak ekimenean, Maldita.es-ekin, VOSTEuskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea ere du bidelagun, koronabirusaren inguruan sortzen diren buloak geldiarazteko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoaren laguntza ere badu. Gainera, EiTBk erabiltzaileen abisuak jasotzen ditu, 600 900 454an, alegia, #Koronabuloak ekimeneko WhatsApp zenbakian.