Gizartea
Koronabirusa
Etxeko konfinamendua "azken aukera" dela esan du Jaurlaritzak
EITB.EUS
Jaurlaritzak aste honetan erabakiko du neurri zorrotzagoak hartu ala ez, eta aurreratu du aukera guztiak dituela mahai gainean, "egoera larria" delako.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berretsi egin du osasun egoera "larria" dela eta kutsatze kopuruak gorako joerari eusten diola, "abiadura moteldu bada ere".
Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak agerraldia egin du arratsaldean, COVID-19aren pandemiaren eraginari buruzko datuak emateko.
Etxeko konfinamenduaz galdetuta, Garitanok esan du oraingoz ez dutela horrelako erabakirik hartu eta, edonola ere, neurri hori "azken aukera" izango litzatekeela zehaztu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, goizean jakinarazi du Jaurlaritzak asteazkenean edo ostegunean egingo duela bilera neurriak zorroztu ala ez erabakitzeko, eta aukera guztiak mahai gainean izango direla onartu du.
"Egoera oso kezkagarria da, baina osasuna eta ekonomia bermatzeko oreka bilatuz aztertuko dugu gaia”, azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Hori bai, ohartarazi du "dena mahai gainean" dagoela.
Alabaina, Salvador Illa Osasun ministroak aukera horri indarra kendu dio eta berretsi egin du Espainiako Gobernuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten. "Une honetan ez dugu horrelakorik aurreikusten eta ez gara aukera hori lantzen ari", azpimarratu du.
Ikuspuntu juridikoari dagokionez, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak esan du alarma egoera ezartzeko onartu zuten urriaren 25eko Errege-dekretuak ez duela etxeko konfinamendurik aurreikusten eta, beraz, neurri hori egun hartu ezingo litzatekeela ziurtatu du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Biurrunek zehaztu du dekretu berri bat argitaratzea edo urriaren 25eko berritzea ezinbestekoa izango litzatekeela etxeko konfinamendua agindu ahal izateko.
BIDEOA: Nahi eta nahi ez, beste itxialdi batera goazela uste dute epidemiologoek