Gizartea
TRAFIKOA
Nafarroako Gobernuak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Neguko Bidezaintza Plana apirilaren 30era arte egongo da indarrean, eta 200 ibilgailu eta 350 pertsona baino gehiago erabiliko ditu.
-
Elurra kentzeko makina lanean. Argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak apirilaren 30era arte iraungo duen Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du. Neguan klimak zirkulazioan izaten dituen ondorioei aurrea hartzea, saihestea eta txikiagotzea dira plan honen helburuak.
200 ibilgailu eta 350 pertsona baino gehiago arituko dira lanean 2020ko Bidezaintza Planean. Ibilgailuen artean, elurra kentzeko 129 makina, turbofresa duten 6 ibilgailu eta errepideen egoera zaindu eta kontrolatzeko 90 ibilgailu daude. Nafarroako Gobernuak, halaber, elurra kentzeko 90 falka eta ekipo utzi dizkie tokiko erakundeei, udalerri batzuen erdigunera sartzeko zailtasunak eta espazio murriztua direla-eta errepideak garbitzeko arazoak dituzten 111 udalerriri zerbitzua emateko.
Bestalde, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 18.000 tona gatz banatu ditu lurralde osoan zehar barreiaturiko 20 biltegi eta 50 siloen artean, izotza edota elurra denean erabiltzeko.
Neguko Bidezaintza Planeko protokoloek jarduteko bi agertoki planteatzen dituzte. 1. maila, edo alerta prebenitzeko fasea, errepideetan eragina duten elurteak edo izotz, euri edo haize denboraleak iragarri direnean aktibatuko da. 2. maila, edo aldi baterako fasea, berriz, martxan jarriko da elurra edo ekaitzak eragindako prezipitazioak daudenean edo egongo direla segurutzat jotzen dutenean.
Gidarientzako aholkuak
Neguko denboraleetan bidaiatu behar izanez gero, neurriak hartzea oso garrantzitsua dela gogorarazi die Foru Gobernuak herritarrei. Honako hauek nabarmendu ditu: trafiko-agintarien eta errepideetako langileen jarraibideak errespetatzea; elurra kentzeko makinen lana ez oztopatzea; egunez eta, ahal izanez gero, errepide nagusiak erabiliz bidaiatzea; ibilgailuari azterketa egitea (pneumatikoak, kateak, bateria edo argiak); erregai-depositua beteta ateratzea, eta 30 km/h-ko abiadura ez gainditzea kateekin. Halaber, herritarrei gogorarazi die errepideen egoerari buruzko informazioa etengabe eskura daitekeela 848 423 50 00 edo 011 telefonoetan.