Gizartea
KORONABIRUSA
"Erabateko itxialdia" ezartzeko eskatu die agintariei Felix Zubia ZIUko medikuak
MAITE ALUSTIZA | EUSKADI IRRATIA
"Historiako momentu latzenetako bat da, garai gogorrak datoz, eta berandu baino lehen, itxialdia behar da" ondorioztatu du, "neurriak atzeratzeak ez du ezer onik ekarriko".
-
Felix Zubia Donostia Ospitalean. ETBren bideo batetik hartutako irudia.
26:02 min
Felix Zubia Donostia Ospitaleko zaintza berezietako medikuak dei edo erregu argia egin du gaur Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan: "dagokionak har dezala itxialdia ezartzeko erabakia".
Ospitaleen gainkarga gaur baino lehen albiste izan da, baina egoera "oso kezkagarria", "gordina" dela esan du. Baieztatu egin du Donostia Ospitalean zainketa berezien beste unitate batzuk prestatzen ari direla, baina horiek ere mugatuak direla ohartarazi du. "Ardura, erantzukizuna eta neurriak" hartu behar direla berretsi du, baina askotan ez zaiela jaramonik egiten uste du.
COVID-19ak Euskal Herrian gaur egun duen zabalkundearen datuak eskutan, "gizarte osoaren porrota da, porrot izugarria" esan du Zubiak: "dibulgazioan dabiltzatenek ez dute asmatu arrisku honen dimentsioa ondo azaltzen; agintarien aldetik mezu lasaigarri gehiegi egon da; eta herritarrek ez dute jakin pertsonen arteko harremanak murrizten".
"Mesedez eta umiltasunez eskatuko nuke; ez dakit Eusko Jaurlaritzari dagokion, Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuari; baina, mesedez, dagokionak hartu ditzala Iparraldeko, Frantziako, Alemaniako, Ingalaterrako adibideak eta itxialdi bat ezarri dezala" galdegin du, "historiako momentu latzenetako bat da, garai gogorrak datoz, eta berandu baino lehen, itxialdia behar da" ondorioztatu du Donostia Ospitaleko medikuak.
Donostia Ospitaleko zaintza intentsiboetan, esaterako, ohe guztiak beteta dituzte: 48 oheetatik 32 dituzte koronabirusa duten pazienteekin. Unitate gehiago zabaltzen ari dira, baina horiek ere muga bat dute. Zubiak ohartarazi du, gainera, bestelako gaixo kritikoak artatzeko tokirik gabe gera daitezkeela; bihotzekoak eta iktusak izan dituztenak, adibidez.
Argi du Zubiak: "egoera ezkutatzeak ez du zentzurik, eta neurriak atzeratzeak ez du ezer onik ekarriko".