Gizartea
Koronabirusa
Positibitate tasa % 9,5era igo da EAEn eta % 11,2ra jaitsi Nafarroan
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroan eguneko positiboek beherako bidean jarraitzen dute: 434 kasu berri. EAEn, ordea, 1.151 kutsatze berri izan dira.
1.151 COVID-19 kutsatze berri izan dira larunbatean Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, aurreko egunean baino 35 gutxiago. Hala ere, positibitate tasa % 9,5era igo da. 24 ordu lehenago % 8,9 izan zen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esan duenez, larunbatean zehar 12.061 PCR proba eta antigenokoak egin dira (aurreko egunean 16.847 izan ziren; beraz, nabarmen gutxiago), eta horietako 1.151 positibo izan dira (ostiralean, 1.502).
Lurraldeka, Gipuzkoak 587 kasu berri erregistratu ditu (aurreko egunean, 596). Bizkaian, bestalde, 451 positibo berri izan dira (ostiralean, 688), eta Araban 97 kasu positibo erregistratu dituzte (24 ordu lehenago, 203). Gainera, EAEtik kanpo bizi direnen artean 16 kasu positibo atzeman dira.
Ospitaleetan 47 pertsona gehiago sartu dira COVID-19arengatik (aurreko egunean baino 34 gutxiago), eta ZIUn 97 gaixo daude oraindik (bost gehiago).
Udalerriei eta RO indizeari buruzko informazioa bihar, astelehenarekin, eguneratuko dute.
Nafarroako Foru Erkidegoak eguneko koronabirus kasu berrien kopurua jaistea lortu du, eta azken orduetakoak 500dik urrun daude dagoeneko.
438 COVID-19 kasu positibo eta lau heriotza berri erregistratu ditu Nafarroak, Osasun Publikoko Institutuak emandako datuen arabera.
Guztira, osasun sistema publikoan 3892 proba egin dira; horietatik, 3603 PCR bidez eta 289 test antigenoetan. Positibo tasa % 11,25 da, eta pandemia osoan zehar kutsatutakoak 33.189 pertsona dira.
Hildako berriak bi gizon eta bi emakume dira, 62 eta 87 urte artekoak. Aurreko egunetan izandako lau heriotzei gehituta (76-94 urteko emakume bat eta hiru gizon), hildako guztien kopurua 717 da.
Ikuspuntu epidemiologikotik, Osasun Publikoko Institutuak zehaztu du 25 ospitaleratze berri izan direla; lau, ZIUn.
Eskualdeka, Iruñerrian positiboen % 59 dago, Tuterako zonaldean % 17, eta Lizarra aldean kasuen % 8. Gainontzeko positiboak (% 16) Nafarroako beste eskualdeetakoak dira.
Adinari dagokionez, talde nagusienak 45-59 eta 15-29 urtekoak dira, % 20narekin.
Hurrengoan dira 30-44 urtekoak (% 17), 75 urtetik gorakoak (% 15), 60-57 urtekoak (% 14) eta 15 urtetik beherakoak (% 14).
Kasu berrian batezbestekoa 44 urtekoa da, eta generoari dagokionez, Institutuak zehaztu du kasuen % 54 emakumezkoak direla eta % 46, gizonezkoak.
Osasunbidearen arabera, 420 pertsona daude ospitaleetan (atzo baino 11 gehiago), eta horietako 56, ZIUn (atzo baino bi gutxiago).