Itxi

Gizartea

Istiluak

Neurri murriztaileen aurkako protestetan atxilotutakoak aske utzi dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Bilbo eta Arrasaten COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurrien kontra egindako protestetan atzemandako zazpi pertsonak libre utzi dituzte.

1:26
Istiluak Bilbon. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Zazpi pertsona atxilotu dituzte, guztira, COVID-19ari aurre egiteko neurrien kontrako gazteen elkarretaratzeetan, larunbat gauean, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait udalerritan.

Ertzaintzak hiru atxiloketaren berri eman du Arrasateko (Gipuzkoa) liskarretan, eta Bilbon beste lau pertsona atxilotu dituela esan du. Epailearen aurretik igaro ondoren, libre geratu dira zazpiak.

Larunbat iluntzerako, zenbait udalerritan elkarretaratzeak deitu zituzten, sare sozialen bitartez, talde negazionistek.

Bilbon lau pertsona atxilotu dituzte. Horietako bat ertzainei bengalak botatzeagatik atzeman dute. Beste hiru manifestariak edukiontziak botatzeagatik eta erretzeagatik atxilotu dituzte, Indautxun. Bertan izan ziren, ostegunean, mota horretako istiluak, sei atxiloturekin.

Gasteizen, liskarrak 70 bat txanodunek protagonizatu dituzte. Harriak bota eta erakusleihoak eta etxebizitzetako ateak apurtu dituzte, Arabako hiriburuaren erdigunean.

Gainera, hamar bat pertsona identifikatu dituzte Andra Maria Zuriaren plaza eta Legebiltzarra inguruetan. Ogasun eta Hezkuntza ordezkaritzetako eraikinetan pintaketak egin dituzte. Ez dute Gasteizen inor atxilo hartu.

Gipuzkoan, hiru atxiloketa izan dira Arrasaten. Bertan, Donostian eta Eibarren bezala, edukiontziak erre dituzte.