Itxi

Gizartea

Koronabirusa

PCR proba egiteko deia egin diete Bergara eta Kabiezesko 13-40 urteko herritarrei

agentziak | erredakzioa

Gipuzkoako udalerrian, probak osasun zentroan egingo dituzte gaur eta bihar. Santurtziko (Bizkaia) auzoan, aldiz, asteazkenera arte egingo dituzte.

  • Osakidetza PCR proba egiten. Argazkia: Efe

    Osakidetza PCR proba egiten. Argazkia: Efe

Osakidetzak PCR proben baheketa egingo du Bergarako (Gipuzkoa) 13 eta 40 urte arteko herritarren artean gaur eta bihar, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Proba egiteko derrigorrezkoa da txanda eskatzea herriko osasun zentrora edo 900 20 30 50era deituta.

PCR probak egiteko dispositiboa Bergarako osasun zentroko errehabilitazio zerbitzuan jarriko dute gaur, eta martxan egongo da 16:00etatik aurrera.

Larunbatean goiz eta arratsalde egingo dituzte probak, eta emaitzak SMS bidez jakinaraziko dituzte.

PCR probak Kabiezesen

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak PCR probak egitera joateko eskatu diete Santurtziko (Bizkaia) Kabiezes auzoko 13 eta 40 urte bitarteko biztanle guztiei. Kabiezesko osasun zentroan egingo dira probak, larunbatean eta igandean, 09:00etatik 20:00etara, eta astelehen, astearte eta asteazkenean, 15:00etatik 20:00etara.

Osasun agintariek jakinarazi dutenez, proba egiteko aldez aurretik ordua eskatu behar da, Kabiezesko osasun zentrora (946 007 610) edo Osasun Kontseilura (900 203 050) deituta.

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi diete COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero, besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera, norbere etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.