Itxi

Gizartea

Bizkaia

Sei pertsona atxilotu dituzte etxeratze-aginduaren aurkako protesta batean Bilbon

EITB.EUS

Indautxun deitutako elkarretaratzea ez zegoen aurretik jakinarazita. Istiluak izan dira eta 20 bat edukiontzi erre dituzte.

0:31
Istiluak, Bilbo erdialdean

Etxeratze-aginduaren eta maskara erabiltzearen aurka Bilbon gaur gauean egindako mobilizazio batean liskarrak izan dira. Sei pertsona atxilotu dituzte, 20 bat kontainerri su eman diete, eta lau auto kaltetu dira suaren ondorioz.

Desordena publikoak egotzita beste bi pertsona daude ikertu gisa, eta datozen orduetan igaroko dira guztiak epailearen aurretik. 

COVID-19aren pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileen aurkako elkarretaratzea 21:30ean abiatu da Bilboko Indautxu plazan. Deialdia sare sozialen bidez egin dute, baina ez zegoen aurretik jakinarazita, Ertzaintzak Radio Euskadiri jakinarazi dionez.

Ertzaintza bertaratu denean istiluak hasi dira eta manifestariak inguruko kaleetan barrena abiatu dira, bidean topatutako zabor-ontziei su emanez. 20 bat kontainer kiskali dira.

Hainbat manifestarik jarrera "erasokorra" erakutsi dutela esan du Segurtasun Sailak. Ertzaintzak sei pertsona atxilotu ditu.

Istiluak 23:30 inguruan amaitu dira Bilbon erdigunean, baina Ertzaintzak ingurua zaintzen jarraitu du gau osoan zehar.

Bart gaueko gertaerak ere "terrorismoa dira", Urkulluren ustez

Iñigo Urkullu lehendakariak salatu duenez, bart gaueko gertaerak ere "terrorismoa dira, herritarren osasunari eta ongizateari eraso egitea terrorismoa delako". Hori horrela, "erabat" gaitzetsi du jazotakoa.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak hedabideen aurrean gaur adierazi duenez, Ertzaintza Bilboko protestan parte hartu zutenen ''profila'' ikertzen ari da:

Bilboko istiluetan parte hartu dutenen "profila" ikertzen ari da Ertzaintza, horietako batzuek antzeko gertakariengatik "aurrekariak" dituztelako. Gainera, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, mobilizazioko irudiak berehala zabaldu ziren sare sozialetan eta "ez hain justu ezker abertzaleari lotutako" profiletan.

Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarrera iristean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan esan duenez, istilu horiengatik atxilotutako sei lagunei desordena publikoa egotzi diete.

Gainera, ez omen dirudi pertsona horiek erakunde politiko batekin "lotura zuzena" dutenik. "Ez dirudi lotura hori dagoenik", gaineratu du sailburuak. Nolanahi ere, azpimarratu du protesta barrutik grabatutako bideo batzuk "berehala" agertu direla sare sozialetan, eta ez direla "hain zuzen ere" ezker abertzaleari lotutako profilak.

Dena dela, Ertzaintzak parte-hartzaileen profila eta mobilizazioaren "zentzua" aztertu behar dituela nabarmendu du.

30.000 euroko kalteak

Azkenik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du atzo Indautxu plazan gertatutakoa "delinkuentzia hutsa" dela, "onartezina da", erantsi du. Manifestariek dozenaka edukiontzi erre zituzten eta kalteak eragin hainbat ibilgailutan. Aburtoren esanetan, 30.000 eurokoak dira kalteak.

Alkateak argitu duenez, "atxilotutako batzuk ez dira bilbotarrak, Bilbora etorri dira delituak egitera, eta euren profilari buruz esan dezakegu batzuk gaizkileak direla".

Aburto: "Atxilotutako batzuk ez dira bilbotarrak, Bilbora etorri dira delituak egitera"

Era berean, azaldu du ikerketa "zabalik" dagoela, eta istiluen "irudi asko" dituztenez, litekeena dela "atxiloketa gehiago egitea".

sdff

Beste deialdi bat larunbat honetan

Negazionista talde honek beste protesta deialdi bat egin du larunbat honetarako Bilbon. Deialdi hori, atzokoa bezalaxe, sare sozialen bitartez zabaltzen ari dira, eta leku eta ordu berean egiteko asmoa dute, hau da, 23:30ean Indautxu Plazan, Europa Pressek Ertzaintzako iturrietan oinarrituta zabaldu duenez.

Gaueko aisialdiarekin lotutako jendea omen da talde antolatzailea, jarrera "oldarkorra" izan ohi duena.