Gizartea
BIDEZAINTZA PLANA
Bizkaiak 400 profesional eta elurra kentzeko 82 makina mobilizatuko ditu neguan
EITB.EUS
2020-2021 Neguko Bidezaintza Plana azaroaren 1etik apirilaren 30era egongo da martxan, errepideen arriskuak gutxitzeko eta hauek irekita mantentzeko.
-
Imanol Pradales y Jon Larrea planaren aurkezpenean. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak 2020-2021 Neguko Bidezaintza Plana abiatuko du azaroaren 1ean, eta 2021eko apirilaren 30era arte egongo da indarrean, neguko eguraldi txarrari aurre egiteko lurraldeko foru errepideetan.
Aurtengo negurako prestatu den planaren arabera, 400 profesional inguru arituko dira lanean, elurra kentzeko ibilgailuetako gidariak, laguntzaileak eta zaintzaileak kontuan hartuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideak kontrolatzeko zentroetatik Neguko Bidezaintza Plana koordinatzen duten langileak gehitu behar zaizkie horiei.
Baliabide materialei dagokienez, elurra kentzeko 82 makina eta izotzik sor ez dadin errepideetan botatzeko 10 milioi kilo gatz pilatu dituzte aurtengo kanpainarako. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak berrikuntzarako irizpideak sartu dituztela azpimarratu du, kamerak eta posizionamendu-sistemak kasu, elurra kentzeko makinen erabilera optimizatzeko.
Pradalesen hitzetan, plan honen helburua elurrak eta izotzak errepideetako erabiltzaileei eragin diezazkieketen arriskuak murriztea da, eta errepideak irekita mantentzearen garrantzia nabarmendu du, mugikortasunerako eta lurraldeko jarduera ekonomikorako ezinbestekoak direlako.
Lau maila, trafikoaren egoeraren arabera
Aldundiko Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako zuzendari nagusi Jon Larreak azaldu duenez, Neguko Bidezaintza Planak hiru lehentasun mailaren arabera sailkatzen ditu errepideak eta trafikoaren egoeraren araberako lau maila ezartzen ditu, errepidean elurra eta izotza dauden edo ez kontuan hartuta, errepideetara zein baliabide bideratu behar dituen zehazteko.
- Maila berdea. Elurra egin du, baina ez du zuritu. Zuhurtziarekin ibili beharko da errepidean.
- Maila horia. Zuritzen hasi du eta baliteke izotza izatea galtzadan. Gehieneko abiadura murriztuko da, eta kamioiek eta ibilgailu artikulatuek debekatuta izango dute ibiltzea.
- Maila gorria. Elurra eta izotza daude galtzadan, nahikoa zabalduta. Kate edo gurpil bereziekin bakarrik ibili ahalko da.
- Maila beltza. Errepidea ez dago erabiltzeko moduan. Trafikoarentzat itxita egongo da.