Gizartea
Berdintasuna
Cony Carranza hezitzaile feministak jaso du Emakunderen 2019ko Berdintasunaren saria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sari banaketan, Urkulluk nabarmendu du ahalduntzea dela emakume migratzaileen autonomian eta eskubideetan aurrera egiteko baliabide nagusia.
-
Cony Carranza hezitzaile feminista. Argazkia: EFE
Emantzipazio metodologietan eta ekonomia feministan aditu den Cony Carranza hezitzaile feministak jaso du Emakunderen 2019ko Berdintasunaren saria astearte honetan Gasteizen egin duten ekitaldian. Sari horrekin, Carranzak 20 urteko ibilbidean emakumeen ahalduntze feministaren alde, bereziki egoera zaurgarrienetan bizi direnen mesedetan, egindako borroka goratu nahi izan dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio saria Lehendakaritzan egin duten ekitaldian. Bertan izan dira baita, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.
Carranza zoriondu ostean, lehendakariak eskerrak eman dizkio "berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik, emandako ereduagatik eta erakutsitako konpromisoagatik". "Ekarpen pertsonala, jarraibide kolektiboa eta gizartearentzako eredua da", adierazi du.
Ildo horretan, baieztatu du gizarteak "inoiz baino gehiago" emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duela, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak erantzuna eman nahi diola haziz doan eskaera sozial horri.
Urkulluren hitzetan, "asko dago oraindik egiteko", baina "aurrera egiteko bitartekoak ditugu: gobernuaren konpromisoa, koordinazioa, ebaluazioa, araudia, egiturak eta lantaldeak, programak eta batez ere asmo ona".
Cony Carranza
Saria jaso duenean, Cony Carranzak bere herrialdea (El Salvador) izan du gogoan. Halaber, garrantzia eman dio hezkuntzan El Salvadorren egindako lanari, eta gogor kritikatu du Europak emakume migratzaileekin duen jarrera, "atzerritarrei buruzko legeak eta arrazismo sozialak haien gizarteratzea eragozten duelako".