Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAJk alarma egoeraren alde bozkatuko du babes juridikoa izateko helburuarekin

agencias | redacción

Mediavillak esan du nahiago duela osasun adituek erabakitzea sei hilabete behar diren, eta zein den ezarri beharreko egoera.

  • Esteban Sanchezekin hizketan. Argazkia: Efe

    Esteban Sanchezekin hizketan. Argazkia: Efe

Koldo Mediavilla EAJren EBBko arduradun instituzionalak esan du ostegunean baiezko botoa emango diotela alarma egoera berriari, neurri murriztaileagoak hartzeko babesa edukitzeko "neurri bakarra" delako.

Mediavillak Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, osasun adituak dira alarma egoera sei hilabetekoa izan behar den ala ez erabaki behar dutenak. "Hemen guztiok gaude ohituta gaixotasunaz hitz egitera eta iritzia ematera, COVID-19aren ondorioz, jatorriaz… Aldeak alde, denok gara futbol entrenatzaileak eta denok dakigu medikuntzaz eta birologiaz", adierazi du ironikoki.

Hori dela eta, esan du nahiago duela beste batzuk erabakitzea, benetan gaiaz dakitenek, sei hilabete beharrezkoak diren eta zein izan beharko litzatekeen ezarri beharreko egoera. "Irudipena dut txertoa oraindik ez dela iritsiko eta, zentzu horretan, ohitu egin beharko garela egoera honetara, zeren ez baita ahaztu behar jendea hiltzen ari dela eta ospitaleetan jende asko dagoela gaixorik, ondorio larriak pairatzen", gaineratu du.

Koldo Mediavillak esan du, hasiera batean, EAJk babesa emango diola alarma egoerari "une honetan, hartu behar diren neurri murriztaileak hartzeko bide bakarra delako".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.