Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gipuzkoako eta Bizkaiko 39 udalerri daude jada eremu gorrian

eitb.eus

Araba da egonkor mantentzen den lurralde bakarra. Donostia, Errenteria, Irun, Zornotza, Galdakao edota Muskiz laranjatik gorrira igaro dira azken orduetan.

1:5
Koronabirus kasuek gora egiten jarraitzen dute. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Gipuzkoako 30 udalerri eta Bizkaiko bederatzi gorriz sailkatu ditu gaur, astelehena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, COVID-19ak Euskadin herriz herri izandako eragina aztertzen duen koloreetako semaforoan. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak.

Gipuzkoako datu txarrek (739,4 positibo) eremu gorrira eraman dute Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), 14 egunetako metatutako tasa 500dik gora baitago 100.000 biztanleko.

Zehazki, semaforo horrek kolore berde, laranja, hori edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan hautemandako koronabirus kasu berrien arabera. Zehazki, koloreak horrela erabiltzen dira:

Gipuzkoan, Donostia eta beste zazpi udalerri batu zaizkie ostiralean gorriz margotu zituzten 22 udalerriei: Andoain, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zumaia eta Zumarraga.

Hondarribiak laranjan jarraitzen du, eta Aretxabaleta lotu zaio azken orduetan.

Bestalde, Orio eta Zarautz horiz margotu dituzte.

Bizkaian, Abadiñok, Durangok, Elorriok, Ermuak eta Ortuellak kolore gorriari eutsi diote (Lekeitio laranjara pasatu da), eta Zornotza, Galdakao, Abanto eta Muskiz laranjatik gorrira igaro da.

Laranjaz margotu dituzte, berriz, Arrigorriaga, Barakaldo, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Getxo, Mungia, Leioa, Lekeitio, Ondarroa, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga.

Testuinguru horretan, ez dago berdez nabarmendutako udalerririk, eta horiz honako hauek agertu dira: Balmaseda, Basauri, Bermeo, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, eta Zalla.

Azkenik, Araban, Agurainek eta Gasteizek ez dute lortu laranjatik horira igarotzea. Gainera, Amurrio eta Laudio horiz koloreztatu dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.