Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Jaurlaritza alarma egoerarekin gaueko jarduerak mugatzeko aukera aztertzen ari da

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, Sanchezek alarma egoera ezartzen baldin badu, lehendakariak 6 pertsona baino gehiago biltzea debekatuko luke berriro.

1:4
Alarma egoera EAEn. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko datorren asteetan neurri “murriztaileagoak” ezartzea beharrezkoa izateko “aukera asko” daudela ohartarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, besteak beste, gaueko jarduerak mugatzea, zonalde edo udalerrien itxiera perimetralak edo eremu zehatzen konfinamendu “zorrotzagoak” ala EAE osoa konfinatzea aipatu ditu.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari Estatu osoan alarma egoera ezartzea eskatzera bultzatu duten arrazoiak azaltzeko agerraldia egin du Urkulluk. Era berean, alarma egoera erkidegoetako presidenteek kudeatzeko gaitasuna izatea eskatu du lehendakariak.

EAEko buruzagiaren hitzetan, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko datorren asteetan neurri “murriztaileagoak” ezartzea beharrezkoa izateko “aukera asko” daude, Euskadin pandemiaren bilakaera txarra ikusita.

Alarma egoerak 15 eguneko iraupena izatea eskatu du Urkulluk. Aplikatzea beharrezkoak izan daitezkeen neurrien artean, bizikidetzako unitatetik at sei pertsona baino gehiago biltzeko debekua aipatu du Urkulluk, orain “gomendioa” baita, EAEko Auzitegi Nagusiak debekua ez baitu babestu.

EAEko Exekutiboa aztertzen ari den beste aukera batzuk, pandemiaren bilakaerari eta alarma egoerari berari lotuta, gaueko jarduerak mugatzea –Urkulluk etxeratze-agindu hitza erabiltzea errefusatu du-, zonalde edo udalerrien itxiera permitrala edo konfinamendu “zorrotzagoak” eremu zehatzetan, baita erkidego osoan ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.