Gizartea
'Marta del Castillo' auzia
Martaren heriotza istripua izan zela dio Carcañok
Erredakzioa
Miguel Carcañok Marta bortxatu izana ukatu du eta heriotza liskar baten ondorioz gertaturiko istripua izan zela esan du. Martaren gorpua non dagoen ez dakiela berretsi du.
Miguel Carcañok, Marta del Castillo berak hil zuela aitortu zuen gazteak, bere etxeko gelan ordenagailuaren mahai gainean zuen hautsontzi batekin lokian kolpe bakar bat emanda hil zuela esan du epaiketaren bigarren saioan. Gorpua Samuel Benitezek eta "Cuco"k eraman eta, estali gabe, gurpil-aulki bat erabiliz Benitezen autoan sartu zutela gaineratu du.
Epaiketako bigarren saioan , fiskalak galdetuta, Miguel Carcañok Martaren gorpua ez dakiela non dagoen berretsi du. "Samuelek "Guadalquivir ibaiaren inguruan zerbait esan zidan, baina tokia zehaztu gabe", gaineratu du.
Carcañok jada zortzi bertsio ezberdin eman ditu 2009ko urtarrilean Sevillako bere etxebizitzan gertatu zenari buruz. Gaur, hasierako kontakizunetako bati eutsi dio eta Martarekin liskar bat izan zuela ziurtatu du, neska gazteak garai batean izan zuten maitasun harremana berreskuratu nahi zuelako.
Biak "berotu" egin zirela, ordenagailuaren ondoan zegoen hautsontzi bat hartu eta lokian kolpe bat eman ziola esan du Carcañok. Marta lurrera erori eta Miguel beldurtu egin zen. Une horretan, adin txikikoa, "Cuco", iritsi zen etxe horretara, bien artean tentsiometro bat hartu eta Martak ez zuela pultsurik ohartu ziren.
Carcañoren esanetan, gorpua gurpil-aulki batean atera eta Opel Astra gorri baten atzeko eserlekuan sartu zuten.
Bera etxea garbitzen gelditu zen bitartean, "Cuco" eta Samuel Benitez gorpuaz arduratu zirela adierazi du.
Gorpua non bota zuten galdetuta, "ibaiaren inguruko zerbait esan zidaten", gaineratu du, "baina ez zuten tokia zehaztu".
Carcañok Marta del Castillo gaztea bortxatzea ukatu du eta kartzelan asmatu zuela azaldu du, epaimahai herrikoi batek epaitzen bazuen, dena galduta zuela esan omen ziotelako.