Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEk eta Nafarroak COVID-19aren kasuen marka hautsi dute, 1.033 eta 593 positiborekin

AGENTZIAK

Asteazken honetan, 13.470 PCR proba egin dituzte Euskadin eta 3.651 Nafarroan. Positiboen portzentajea % 7,7ra igo da EAEn eta % 16,2ra Foru Erkidegoan.

  • Erizain bat PCR bat egiten

    Erizain bat PCR bat egiten. Argazkia: EFE

Euskadik 1.000 kutsatze baino gehiago atzeman ditu, azken orduetan 1.033 izan baitira, bezperan baino 214 gehiago, eta orotara 13.470 PCR proba egin dira. Beraz, positiboen portzentajea % 7,7ra igo da, aurreko datua baino hamarren bat gehiago. Orain arteko kutsatze kopururik altuena abuztuaren 28an zenbatu zuten, 866 positiborekin.

Osasun Sailaren azken buletin epidemiologikoaren arabera, egoerak okerrera egin du hiru lurraldeetan, batez ere Gipuzkoan, 503 positibo eman baititu, hau da, aurreko egunean baino 126 gehiago. Bizkaiak 423 kutsatze berri ditu (81 gehiago) eta Arabak 96 (bat gehiago).

Datu horien arabera, Gipuzkoan 100.000 biztanleko 576,9 kasu daude metatuta 14 egunean (atzo 533 ziren); beraz, lurralde horrek eremu gorrian jarraitzen du. Bizkaian adierazle hori 338,5ekoa da (atzo 318,5ekoa zen) eta Araban 311,6koa (atzo 300ekoa zen). Euskadiko batez bestekoa 391,8 kasutik 418,28ra igo da.

Une honetan, Euskadin 25 herri daude aipatutako gune gorrian, atzo baino bi gehiago, biak Gipuzkoan. Lurralde horretako 20 herrik gainditzen dute muga hori, Lazkao eta Legazpi gehien kaltetutako herrien zerrendara batu ondoren. Bost udalerri daude Bizkaian eremu gorrian, atzoko berberak, eta Arabak batere gabe jarraitzen du.

Ospitaleko presioa ere handitu egin da; izan ere, ospitaleratutako pazienteak dagoeneko 401 dira (atzo 387 ziren), asteazkenean 51 ospitaleratze berri izan ostean (53 bezperan). Zainketa intentsiboetako unitateetako oheetan 62 gaixo daude; aurreko zenbaketan, berriz, 59 ziren.

Oinarrizko ugalketa-indizeari dagokionez (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duena, 1,26koa da (atzo baino bi ehunen gehiago).

Bestalde, 90 ikasgela itxi dituzte ostegun honetan Euskadin koronabirusaren ondorioz; hau da, aurreko egunean baino lau gutxiago. Kopuru hori euskal hezkuntza-sistemako eskolen % 0,51 da. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren balantzearen arabera, ostegun honetako 12:00ak arte ez dago aurrez aurreko hezkuntza jarduera bertan behera utzi duen ikastetxerik.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiarekiko erreakzioak

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, Euskadin azken 24 orduetan izan diren mila koronabirus kutsatu berrien ondorioz, "are beharrezkoagoa" da sei pertsona baino gehiagoko elkartze sozialak debekatzea; hori dela eta, "ulertzen zaila" da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak neurri hori ez aplikatzea.

Iñigo Urkullu lehendakariak onartu egin du, baina ez dago ados EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin, eta, bere ustez, ebazpen judizialak "ateak itxi nahi dizkio alarma egoera deklaratzen ez duen edozein neurriri".

Nafarroak positiboen marka hautsi du berriro

Nafarroako Foru Erkidegoak COVID-19aren kasuen marka hautsi du berriro, 593 kasu atzeman baititu asteazken honetan, Foru Erkidegoaren itxiera perimetrala hasi duten egunean.

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak jakitera eman duenez, Nafarroan 3.651 proba egin dituzte asteazken honetan, PCR eta antigeno probak zenbatuta, eta positibo tasa % 16,2koa da.

Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 31 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bi zainketa intentsiboetako unitateetan. COVID-19ak bi heriotza eragin zituen, 79 eta 82 urteko bi gizonena. Ondorioz, 666 pertsona hil dira guztira.

Zonaldeka, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 64 erregistratu dira, Tuteran % 6 eta Lizarran % 9. Gainerako positiboak (% 21) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde nagusiak 45 eta 59 urte artekoak dira (% 28) eta 15 eta 29 urte artekoak (% 19). Jarraian, 30 eta 44 urte bitarteko adinekoen taldea dago (% 18); ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea (% 15) eta 60 eta 75 urte artekoa (% 14); eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 6). Kasu berrien batez besteko adina 41 urtekoa da.

Generoari dagokionez, kasuak berdin banatzen dira gizonen eta emakumeen artean, eta talde bakoitzak % 50 hartzen du.

Nafarroako ospitale-sarean 330 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 16 gehiago), horietako 44 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino sei gehiago) eta beste 50 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 236 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, eguneko datuen arabera, 26.941 da.

Gauerdian sartu da indarrean Nafarroako sarrera-irteerak mugatzen dituen foru agindua, ostalaritza eta jatetxeen, bingoen eta jolas-aretoen erabateko itxiera ezartzen duena eta saltokien eta zerbitzu- eta aisialdi-espazioen itxiera 21:00etara aurreratzen duena.

Ospitaleratzeak areagotu izanagatik (zainketa intentsiboetako unitateei ere eragiten dio) eta kutsatze-foku garrantzitsuenetako bat elkartze sozialak direla kontuan izanda hartu ditu neurri horiek Foru Gobernuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera (aipatu foru-aginduan aipatzen da txosten hori).

Urriaren 14tik 19ra bitartean agerraldi hauek identifikatu dituzte: jatetxe eta tabernei lotuta, 19 agerraldi; jatetxe eta tabernetan senide eta lagunen bilerei lotuta, hiru agerraldi; senideen eta lagunen bilerei lotuta, 59 agerraldi, eta oporretako bidaiekin lotuta, lau agerraldi.

Foru Erkidegoko sarrerak eta irteerak murrizteari buruz hartutako neurria "egokitzat eta beharrezkotzat" jotzen dute, osasun publikoaren ikuspegitik.

Nafarroa eta Euskadi eta Errioxa eta Aragoiko erkidegoen arteko egoera epidemiologikoaren eta intzidentzia-tasen arteko aldea dela eta, "ezinbestekoa" da "osasun-hesia" ezartzea, mugakide diren herrien eta lurraldeen arteko mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko".

Horren harira, ondoko erkidegoak "goranzko fasean" daudela kontuan hartuta, "lurraldeen eta herrien arteko mugikortasuna murriztu behar da".

Gelen egoerari dagokionez, Nafarroako 17 ikastetxetako 368 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.813 ikasle daude euren etxeetan isolatuta, berrogeialdian. Bi zikloetako ikasle guztien % 2,92 dira bakartuta daudenak, eta 89 bizikidetza-talde egonkorretakoak dira. Beste 94 ikasle aurrez aurreko eskoletara itzuli dira gaur.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak espero du Nafarroako Foru Erkidegoan ostegun honetan indarrean sartu diren murrizketa berriak, Nafarroako mugaketa perimetrala eta ostalaritzaren itxiera barne, "nahikoa" izatea kutsatzeetan "inflexioa eta balaztatzea" eragiteko.

"Anbizio handiko apustua da arlo sanitarioan eta berritzailea arlo politikoan. Nafarroak bidea ireki du erabaki teknikoetan oinarritutako itxiera perimetrala planteatuz eta bere mugen barruan neurri irmoekin betez", azaldu du Indurainek.

Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak egoitzen blindajea defendatu du pandemiaren bilakaeraren aurrean, eta, horren harira, neurri horiek erabiltzaileei eta haien familiei eragiten dietela jakinda, azpimarratu du "arriskuak gutxitu behar direla eta birusa bertan sartzea eragotzi behar dela".

Era horretan, gogorarazi du lehendik ere hitzartu zutela zentro horiek bisitei eta irteerei ixtea, "erkidegoan eragina txikiagoa izan arte", eta egoitzetako egoera egonkorra dela astelehenarekin alderatuta, nahiz eta hori "edozein unetan alda daitekeen".

Adinekoen egoitzak

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hiru positibo berri baieztatu dituzte azken orduetan, baina ez da inor hil, Aldundiak jakitera eman duenez.

Hiru kasuak Donostiako Lamourous, Berra eta Alai-Etxe zentroetan zenbatu dituzte, foru erakundeak zehaztu duenez.

73 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetan, zortzi zentrotan banatuta: Hernaniko Santa Maria Magdalena (3), Bergarako Mizpirualde (6), Donostiako Alai-Etxe (32), La Paz (1), Berra (9), Lamourous (13) eta Hermano Garate-San Ignacio (1), eta Zumarragako Argixaon (8).

Gainera, Pablo Neruda (Araba) egoitzako lau adinekok eta bi langilek positibo eman dute zentroan egindako azken baheketan. Aste hasieran beste azterketa bat egin zuten. Guztira, zazpi pertsona kutsatu dira zentroan.

Egun 17 adineko positibo daude Arabako egoitzetan, eta 23 hil dira pandemiaren bigarren olatuan.

Espainia

Osasun Ministerioak 20.986 COVID-19 kasu zenbatu ditu, horietako 7.953 azken 24 orduetan diagnostikatu dituzte. Asteazkenean 6.114 atzeman zituzten. Guztira, 1.026.281 positibo baieztatu dituzte pandemia hasi zenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.