Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEn 44 hildako izan dira azken astean, eta Nafarroan zortzi azken orduetan

EITB.EUS

Euskadiko datuak okerrera egin du: 819 kasu azken orduetan. Nafarroan, berriz, egoera zertxobait hobetu da, 367ra jaitsi baitira. Espainian milioi bat kasu baino gehiago eman dira dagoeneko.

  • Osasun langileak PCR bat egiten Ficoban (Irun).

    Osasun langileak, PRC probak egiten Ficoban. Argazkia: EFE

COVID-19aren ondorioz, 44 hildako zenbatu dituzte azken astean Euskadin, eta azken 24 orduetan Nafarroako Foru Erkidegoan zortzi hildako gehiago izan dira gaixotasun horren ondorioz. Hala ere, egoera epidemiologikoak hobera egin du Nafarroan, baina okerrera EAEn.

Azken orduetako kutsadurei dagokienez, Euskadik 819 positibo atzeman ditu (194 gehiago), eta Nafarroak 367, aurreko egunean jasotako 578rekin alderatuta, astearte honetako datuen arabera.

Euskadik, urriaren 12tik 18ra bitartean, 44 heriotza zebatu ditu COVID-19arekin zuzeneko kausa gisa, eta joan den asteartean atzemandako kutsatze berriak 819ra igo dira, hau da, astelehenean baino 194 gehiago; 1.0817 PCR proba egin osten, positibotasun-tasa  % 7,6koa da da. Horrenbestez, positiboen portzentajea 6 hamarren igo da bi jardunaldi horien artean, % 7tik % 7,6ra.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 53ra igo dira ospitaleratze berriak, eta 59 gaixok jarraitzen dute zainketa intentsiboetako unitateetan, Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Gipuzkoak 'marra gorriaren' gainetik jarraitzen du, 377 positiborekin, aurreko eguneko 304 positiboen aurrean, eta bi astean 100.000 biztanleko 500 kutsatsetik (533,161) gora dago.

Bizkaian 342 kutsatze berri atzeman dituzte asteartean, aurreko eguneko 265 positiboen gainetik, eta Araban 85, aurreko egunean baino 30 gehiago. Beste 15 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie, astelehenean baino hamaika gehiago.

Bizkaian, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 318,59koa da, eta Araban, berriz, hiru lurraldeetako txikiena, 300,03.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Bizkaiko adinekoen egoitzen egoera

Bizkaiko adinekoen egoitzetako bi erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan COVID-19rekin; pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 76 pertsona hil dira, eta baieztatutako positibo kopurua 86ra igo da, aurreko balantzean baino hamaika kasu gutxiago.

COVID-19aren eragina Euskadiko ikastetxeetan

Asteazken honetan itxitako ikasgelen kopurua 94ra arte jaitsi da egun batean, astelehenean baino 15 gutxiago, hau da, Euskadin dauden 17.554 eskolen % 0,54 (2 urtetik derrigorrezko unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte).

Guztira 68 zentrok izan dute itxiera, 11 gutxiagok, eta bat ere ez dute erabat itxi behar izan, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez.

Etxeratze-agindua

Iñigo Urkullu lehendakaria prest dago etxeratze-agindua ezartzearen inguruan gogoeta egiteko, betiere aurrez koronabirusaren hedatzea geldiarazteko "neurri guztiak" hartu badira. Ezartzekotan, baina, Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoek hala adostu ostean ezarri behar dela uste du lehendakariak, eta horretarako ez du beharrezko ikusi alarma-egoera deitzea. "Nik, alarma-egoera baino, gobernantza kolaboratiboa eskatzen dut, neurriak adosteko", azaldu du.

Nafarroan 400 kasu baino gutxiago atzeman dituzte, baina zortzi hildako izan dira

Nafarroako Foru Erkidegoak zortzi hildako eta 367 positibo zenbatu ditu azken orduetan egindako 3.725 PCR probetan, hau da, % 9,85eko positibotasuna.

Datu horiek jaitsiera nabarmena adierazten dute aurreko egunarekin alderatuta, 578 positibo zenbatu baitziren, eta horrek markak hautsi zituen Foru Erkidegoan. Santos Indurain Osasun sailburuak aurreratu ditu dautok prentsaurreko batean, eta zehaztu du bi heriotza aurreko egunekoak direla.

Hortaz, COVID-19 kasuek behera egin dute azken orduetan Nafarroan. Bezperan 578 positibo izatetik 367 izatera igaro dira astearte honetan. Bestela esanda, 214 kasu gutxiago zenbatu dituzte, Nafarroako Gobernuak goizean aurreratu duenez.

Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 33 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bost zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, COVID-19ak sei hildako eragin zituen: 86, 87 eta 92 urteko hiru gizon eta 83, 88 eta 92 urteko hiru emakume; aurreko egunean 93 eta 96 urteko bi emakumeren heriotzak ere jakinarazi dituzte. Arrazoi horrengatik guztira 664 pertsona hil dira.

Zonaldeka, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 62 erregistratu dituzte, Tuteran % 16, eta Lizarran % 5. Gainerako positiboak (% 17) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kasu berrien gorakada handiena Iruñean atzeman dute; Txantrea (26 positibo berri), Arrotxapea (21), Sanduzelai (19) eta Donibane (12) auzoetan, bereziki. Iruñerrian, aipagarriak dira Burlatan atzemandako 13 kasuak edo Barañaingo 12ak.

Beherakada hau konfinamendu perimetrala eta ostalaritzaren itxiera ezarri baino 24 ordu baino gutxiago geratzen direnean heldu da. Neurriok, oinarrizko eskubideei eragiten dieten heinean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi behar ditu. Ostiralerako espero du erabakia Nafarroako Gobernuak. Dena dela, Javier Remirez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak atzo iragarri zuenez, Espainiako Gobernuak erkidegoetako osasun arduradunekin ostegunean egingo duen bileran neurri murriztaileei "berme juridikoa" emango dien erabakiren bat espero dute.

Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte artekoak dira (% 25), eta 30 eta 44 urte artekoak eta 15 eta 29 urte artekoak (% 19). Ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea dago (% 15); ondoren, 60 eta 75 urte bitartekoena (% 12) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoena (% 10). Kasu berrien batez besteko adina 41,4 urtekoa da.

Generoari dagokionez, gizonezkoak % 51 dira eta emakumezkoak % 49.

Nafarroako ospitale-sarean 314 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 5 gehiago), horietatik 38 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo bezala) eta beste 46 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 230 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun 26.348 dira.

Kutsatzeen % 59 bizikideen, senideen eta lagunen artean gertatzen da

Azken txosten epidemiologikoa urriaren 12tik 18ra bitarteko asteari dagokio, eta Nafarroan PCR edo antigeno bidez baieztatutako kasuen tasa 100.000 biztanleko 508koa da, aurreko astean baino % 15 gehiago. Kasu berrien % 70 sintomatikoak izan ziren eta % 63 beste kasu batzuetako kontaktuak.

Etxeko transmisioak gora egin du (kasuen % 40), eta beste batzuen kategorian ere bai (lagun eta senide ez-bizikideekiko harremanak barne). Horrek esan nahi du kasu asko "konfiantzazko" inguruneetan gertatzen direla. Bi egoera horiek, etxean transmititzea eta elkarrekin bizi ez diren lagun eta senideekin harremanetan jartzea, kutsatu berrien % 59 dira. Lan- eta eskola-eremua kutsatzeen % 5ekin lotu zen.

Espainian milioitik gora kasu

Bestalde, Espainian milioi bat kasu baino gehiago eman dira dagoeneko pandemia hasi zenetik. Hain zuzen ere, 1.005.295 kasu baieztatu ditu Osasun Ministerioak astearte honetan. Hori bai, datu horietan ez daude sartuta EAEkoak, "arazo teknikoak direla eta".

Kutsatze horietatik, 6.114 azken 24 orduetan eman dira. Gainera, guztira 34.366 pertsona hil dira; horietako 56, atzotik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.