Itxi

Gizartea

NAFARROA

6.000 salaketatik gora zenbatu dituzte Nafarroan, COVID neurriak urratzeagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Nafarroako Gobernuak arduraz jokatzeko deia egin die berriro herritarrei, osasun arauak betetzeak "ezin duelako zigorrak jartzearen ondorio izan".

  • Foruzain bat, artxiboko argazki batean

    Foruzain bat, artxiboko argazki batean. Argazkia: Nafarroako Foruzaingoa

Nafarroako Foruzaingoak 6.000 salaketa baino gehiago jarri ditu martxoaz geroztik COVID-19a geldiarazteko osasun neurriak ez betetzeagatik, gehienak Iruñeko polizia-etxearen eskumen esparruan, eta % 63 uztailaz geroztik, ordutik aurrera derrigorrezkoak diren maskarak gaizki erabiltzeagatik.

Guztira, 3.582 salaketa ipini dituzte uztailera arte, Nafarroak neurri propioak hartu zituen arte. Lehen foru-agindua uztailaren 17an sartu zen indarrean, eta, geroztik, 2.547 salaketa jarri ditu Nafarroako Foruzaingoak, neurriak ez betetzeagatik.

Hala adierazi du Javier Remirez Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, aldez aurretik programatutako agerraldi batean. 

Koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz, Nafarroaren itxiera perimetrala iragarri zuen atzo Maria Chivite presidenteak. Ostegunetik aurrera, Nafarroan sartzea edo irtetea galarazita egongo da, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira, 15 egunez.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Nafarroan hartu dituzten neurri berriak

Foruzaingoa egoera honetan egiten ari den lana goraipatu du Remirezek eta gainerako indarrekiko koordinazioa ere azpimarratu du. Dena dela, herritarren erantzukizuna eta kontzientziazioa eskatu du berriro, osasun arauak betetzea ezin baita "zigor ekintzaren ondorio izan, konbentzimenduarena baizik".

Uztailaren 17ko foru agindua indarrean sartu zenetik Nafarroako Foruzaingoak 2.547 salaketa jarri ditu osasun arauak: 1.614, maskarak ez erabiltzeagatik; 360, kale-zurruta egiteagatik; 168, baxerak edo lokalak behar ez bezala erabiltzeagatik; 102, ordutegiak ez betetzeagatik; 66, edukiera-muga ez betetzeagatik; 43, baimendutakoa baino talde handiagoa osatzeagatik, eta 88, toki desegokian erretzeagatik.

Uztailaz geroztik jarritako 2.547 salaketa horietatik, 1.784 Iruñeko polizia-etxearen eragin-eremuan jarri dira, 132, Tuterakoan; 172, Lizarrakoan, 245, Tafallan; 78, Altsasun; 79, Elizondon, eta 57, Zangozan.

Horietatik 1.200 espediente bideratu dituzte dagoeneko eta heren bat kobratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.